
Auzitegi Nazional espainiarrak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu egin zuela onartu izanaren ondotik, Sortuk balorazioa egin du ohar batean. Bere ustez, epai horrek «inflexio puntu bat» izan behar du aitortzaren eta erreparazioaren norabidean urratsak eman daitezen. «Bada garaia torturaren egile eta konplize bakoitzak horren guztiaren gaineko ardurak har ditzan. Tortura aitortu behar da eta erreparaziorako urratsak eman behar dira», adierazi du.
Sortuk gogora ekarri du Iratxe Sorzabal Guardia Zibilaren aurrean eginiko autoinkulpazioetan oinarrituta zigortu izan duela lehenago Auzitegi Nazionalak berak, eta egun ere betetzen ari den espetxe zigorrak autoinkulpazio horietan duela oinarria.
Nabarmendu eta salatu du Euskal Herrian torturaren aplikazioa «sistematikoa» izan dela espainiar Estatuaren aldetik «hamarkadetan zehar, gatazka politikoaren testuinguruan».
«Milaka Iratxe daude Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osatutako txosten ofizialen arabera, gutxienez 5.394 pertsona izan dira torturatuak eta jakina da askoz gehiago ere izan direla», oroitu du, eta erantsi tortura posible izan dela «sistemikoa izan delako».
«Sistema oso bat eraiki da giza eskubideen urraketa larri horren bueltan. Ezikusiarena egin da sistematikoki, ezkutatu egin da sistematikoki. Eragile asko izan dira horren guztiaren konplize: polizia indarrak, haien arduradun politikoak eta alderdiak, epaileak, mediku forentseak eta komunikabideak, besteak beste», mahaigaineratu du.
Ardurak hartu
Horregatik, «bada garaia torturaren egile eta konplize bakoitzak horren guztiaren gaineko ardurak har ditzan. Tortura aitortu behar da eta erreparaziorako urratsak eman behar dira», adierazi du.
Horrekin batera, «torturaren ondorioak ere berrikusi behar dira: milaka torturatuei utzi dizkien ondorio psikologikoak, batetik, eta autoinkulpazioetan oinarrituta ezarritako kondenak ere bai, bestetik».
Azkenik, «ez errepikatzeko bermeak» ere ezartzeko beharra azpimarratu du Sortuk. «Tortura sistematikoa posible izan da Estatuaren biolentzia erabateko inpunitatez babestua izan delako hamarkada guzti hauetan. Inpunitate horrekin amaitzea ezinbesteko urratsa da tortura desagerrarazteko bidean».

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

El Partido Carlista considera probado que «Juan Carlos tiene las manos manchadas de sangre»
Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen
