Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egiari Zor: «Sorzabalen kasuaren epaia historikoa da bere edukiagatik eta irmotasunagatik»

Agerraldia egin dute larunbat honetan Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, eta Aiert Larrarte Iratxe Sorzabalen abokatuak. Ostegun honetan onartu zuen Auzitegia Nazionalak torturatua izan dela, eta balorazioa egin eta hurrengo urratsen berri eman dute.

Garaialde, Urizar, Larrarte eta Esteran larunbat honetako prentsaurrekoan.
Garaialde, Urizar, Larrarte eta Esteran larunbat honetako prentsaurrekoan. ( Aitor Karasatorre | FOKU)

Baieztapen argi batekin egin dute bat Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak larunbat goiz honetan egindako prentsaurrekoan: «Tortura existitzen da. Iratxe Sorzabal torturatua izan zen». Pasa den ostegunean Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu zuen eta torturatua izan zela aitortu zuen, orain arte ez bezala.

Aiert Larralde Sorzabalen abokatua ere agerraldian izan da, eta ergoera judizialari lotutako xehetasunak eman ditu berak, adierazi du gaur gaurkoz epai horrek ez dakarrela «ondorio automatikorik» baina lanean jarraituko dutela.

Pilar Garaialdek eta Ainara Esteranek hartu dute hitza Egiari Zor Fundazioaren izenean, nabarmedu dute epaia «historikoa» dela bere «edukia eta irmotasunagatik»: «Frogatutzat emanez 2001ean Guardia Zibilak Sorzabali eragindako torturak».

Aipatu dute epaiak agerian uzten duela Sorzabalen aurkako tortura delitu bat egin izana, «Giza Eskubideen urraketa larria dena». Eta aldi berean agerian utzi dituela «salaketa ikertzeko eginbeharrari jaramonik egin ez dion sistema judizial baten zuloak».

«Frogatuta geratu da inkomunikazio erregimeneko atxiloketak, tortura praktikatzeko beharrezko koladeroa dela», esan dute irmoki eta gogoratu dute Sorzabalek «logika matxista eta heteropatriakalei lotutako indarkeria sexuala» ere jasan izan duela.

Halere, erakundeetan jarri du arreta Egiari Zor Fundazioak, eta erakundeen partetik «ahobatezko erantzun irmoa» espero dutela gaineratu dute, «horrelako gertakariak ez naturalitzatzeko deia». Ohartarazi dute Giza Eskubideetan hezteko beharrari, indarkeria tresna politiko gisa deslegitimatzeko pedagogia egiteko beharrari eta abarri buruzko diskurtsoak «edukirik gabe» geratzen ari direla: «Hain gertakari larrien aurrean gure agintariek eta ordezkariek isiltasuna aukeratzen dutenean».

Sorzabalek beste milaka torturatutako pertsonek bezala jasandako giza eskubideen urraketa larria aitortua eta erreparatua izateko eskubidea duela aldarrikatu dute. Eta EAEko aitorpen-legera eskabideak bideratzeko epe berri bat irekitzea premiazkotzat jo dute: «Premiazkoa da, orobat, lege hori aldatzea, haren denbora-esparrua zabaltzeko, eta, hala, 1999tik aurrera torturatuak izan zirenei lege-babesa emateko».  Horri lotuta agintariek «neurriak» hartuko dituztela espero dutela nabarmendu dute.

GEBehatokia Guardia Zibila salatzeko bidean

Iratxe Urizar mintzatu da EHko GEBehatokiaren izenean: «Iratxe Sorzabalen kasuarekin, bide guztietatik ezkutatu nahi izan duten errealitatearen gainean egia inposatzen da. Tortura, estatu praktika sistematiko bat izan dela, kondenak eusteko tresna ezinbestekoa, espetxe zigor larriak ezartzeko bidea».

Tortura existitzen dela onartu ostean, torturatzaileak nortzuk izan diren, nortzuk elektrodoak aplikatu ziotenak, nortzuk sexualki erasotu eta hilko zutela mehatxatu zutenak galdegin du Urizarrek. «Non daude? Nortzuk dira?», eta Larrartek erantzun du identifikatuta eta jasota daudela Sorzabal atxilotu eta torturatu zuten Guardia Zibilen zenbaki profesionalak.

GEBehatokia aukera ezberdinak baloratzen dabil, baina baieztatu dute Sorzabalen atxiloketa, galdeketa eta torturan parte hartu zuten Guardia Zibilen aurka salaketak nola eraginkor egin aztertu ostean urrats hori egingo dutela.  Argitu dute gertaerak 2001ekoak badira ere, Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon direnez, preskripzio epeekin apurtu beharko luketela, «gainera, egitate hauek epaigarriak izan beharko lukete, nazioarte mailan duten larritasunagatik».

«Onartezina» da GEBehatokiarentzat Estatu espainolak azken epai honen aurrean «ez erreakzionatzea» eta entzungor jarraitzea: «Onartezina da Sorzabalen aurkako torturak egiaztatuak izan direnean, epaitegi penal baten aldetik, inpunitate edo zigorgabetasunaren beloa zabaltzea eta zigor-arloko epaitegien aldetik ikerketa sakonik ez zabaltzea. Ez litzateke ulergarria izango».

Espainiako epaitegiek erreakzionatu ezean, nazioarteko bideari ekingo dio GEBehatokiak: «Sorzabalek jasandako oinazeak egia eta justizia osoa izan arte aukera guztiak agortzeko prest gaude, tartean, noski akusazioa ireki eta hala behar bada, egileen zigortzea bilatzeko».

Froga berak, emaitza ezberdinak

Larrarte abokatuak gogoratu du Sorzabalek Auzitegi Nazionalean hiru epaiketa izan dituela, eta hiruretan froga berak aurkeztu arren, epai ezberdinekin egin dutela topo. Lehenengoa epaian kondenatu egin zuten, ez zela torturatua izan ondorioztatu zuen epaileak, eta abokatuek helegiteak jarri arren, ez ziren onartu. Orain epai horren aurka Estrasburgora joko dutela azaldu du.

Bigarren epaiketa absolutorioa izan zela adierazi du, baina ez dela torturaren aipamenik egiten. Eta ostegun honetan ebatzitakoan, berriz, «agerikoa zena» izan zen ondorioa Larrarteren hitzetan: «Iratxe Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan zela».

Horrelako sententzia bat erabakitzen den lehenengo aldia dela nabarmendu nahi izan du eta bereziki eskertu du Benito Morentinen txosten forentsea. Auzitegi Nazionalak poliziaren tratu txarrak onartzea «milaka pertsonen lanari esker» izan dela ondorioztatu du. Gaur gaurkoz, ordea, ez omen du «ondorio automatikorik» eta ondorioak izan ditzan lanean jarraituko dutela zehaztu du.

«Entzutegi Nazionala ez da bloke homogeneo bat, eta zerbait puntuala izan dela uste dut», gaineratu du, ez du uste «modu orokorrean» Poliziak eragindako tortura onartzen hasiko direnik epaileak, baina «ate bat ireki» dela baieztatu du. «Fernando Andreu epailea urteetan epaile instruktorea izan da, hainbat eta hainbat torturatu pasako ziren bere eskuetatik, baina egia da Guardia Zibilak ez zizkiola Andreuri ematen kasuak, Guardia Zibilak nahiago zuen beste epaile batzuekin lan egin», gaineratu du.

Amaitzeko, Sorzabalen aurka dagoen Euroaginduaren inguruko pare bat datu argitu ditu. Estatu frantsesak azalpenak eskatu dizkio Estatu espainolari tortura kasuen harira, eta aitortu du pentsatzen dutela eragina izango duela azken epai honek, «ez dakigu onerako edo txarrerako» aitortu du. Izan ere, bere iritziz, Estatu frantsesak «badaki zer gertatu den», eta epaileak kasuaren inguruko informazio gehiago eskatu zuen, tartean absoluzioaren epaia. «Pentsatzen dut honek Euroagindua gelditu beharko lukeela, baina agian kontrakoa gertatzen da, ‘Espanian gauzak ondo egiten ari dira, eta Euroagindua emango dut Espainiak esan dezala torturapean emandako adierazpenetan oinarritutako deklarazioa dela’ esan dezake Frantziak, beraz ez dakigu», azaldu du.