
Maiatzaren 17an ospatzen da LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak homosexualitatea buruko gaixotasuneko zerrendatik ezabatu zuen. Egun, data honetan ospatzen da, aipatutako lorpena aitortzeko. Helburu orokorra da pertsona homosexual, bisexual eta transexualek sufritzen duten diskriminazioa salatzea.
«Zorroztu ditugu lumak!» izenburu esanguratsuarekin eman du ezagutzera Ehgamek (Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimendua) bere hausnarketa. «LGTBIQ+fobiak milaka aurpegi ditu, eta alderdi makurrenak erakutsi dizkigu berriro azkenaldian: gogoan dugu apirilean Kolonbian hil zuten Sara Millerey emakume transa, Argentinan izandako erasoen gorakada, edo Mendebaldeko gobernu eta instituzioak hartzen ari diren neurri transfoboak (AEBetan eta Erresuma Batuan, esaterako) –irakur daiteke komunikatuan–. Mundu zabalean gertatutakoak ez ezik, Euskal Herrian bertan izandakoak salatu nahi ditugu: gaueko festa giroan izandako eraso askotarikoak, cruising guneetan gertatutakoak, muralei eta gaztetxeei egindako eraso faxistak, edo egunerokoan bizi ditugun transfobia, lesbofobia, homofobia eta bifobia».
«Argi ikusten ari gara ideia faxistak hedatzeak atea zabaltzen diela eraso LGTBIQ+fobikoei. Azken hilabeteetan gero eta gordinago ageri zaigu faxismoaren eta diskurtso transfoboen arteko aliantza, adibidez. Eta ozen esan nahi dugu: faxismoari arnasarik ez! Ezin diegu zirrikitu txikiena utzi kaleetan, sareetan edo jendartean. Aurrean gauzkazue, eta zorroztuta ditugu lumak!», gehitu du Ehgamek.
Nagusitu den giro honetan, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeaz gain, atzerapausorik ez dutela onartuko diote eta, harantzago doaz, hau esanez: «Ez dugu aski eskubide apur gehiago lortzea, dena goitik behera eraldatu behar dugu. Patriarkatuak, heterosexismoak eta kapitalismoak jarritako joko-zelaian beti izango da-eta LGTBIQ+fobiarako tartea». Hau dela eta, hau argi gera dadila nahi dute: «Transmaribibollook saretzeko, antolatzeko eta elkarrekin joera erreakzionarioari aurre egiteko garaia da, autodefentsa transfeminista antolatzekoa. Joan den astean Bilbon ikusi berri dugu elkarrekin indartsuagoak garela, eta gai garela diskurtso transfoboen zabalkundeari aurre egiteko. Horregatik egiten dugu dei antolatzera, erantzutera eta lumak zorroztera. Borroka transmaribibolloan nahiz beste borroka batzuetan».
Egunean zehar antolatu diren ekitaldiak:
Euskal Herrian hainbat tokitan mobilizazioak antolatu dira. Bilbon, 19.00etan, Arriagako plazan konzentrazioa egongo da E-28 Koordinadorak deituta. Eta 20.30ean manifestazio deialdi bat dago, Ozen! LGTBk egina, Eurovisioni boikota eskatzeko.
Bizkaiarekin jarraiturik, Getxon, 18.00etan, kontzentrazioa dago Andra Mariko kiroldegian, Ukatuk deituta.
Iruñean, 20.00etan, kontzentraziorako deia egin du, Sarasate pasealekuan, E28J plataformak.
Gipuzkoari dagokionez, Arrasaten mural margoketa egin dute Musakolako kiroldegian, Morborrek eta Miauk deituta. Hernanin, ere elkarretaratzea egin dute Plaza Berrin, Buruntzaldeako Transmaribibolloek deituta. Errenterian 19.00etan kontzentrazioa egingo da Herriko Plazan, Oreretako Kuirdinadorak deituta.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da


