
Jokin Altuna Buruz Buruko txapeldunak merezitako opor labur batzuez ari da disfrutatzen egun hauetan. Baina Amezketako aztiak badu beste zerbaitetan pentsatzeko astia: udako torneoak eta Lau eta Erdiko San Ferminetako txapela defendatzea. Bosgarren tituluaren bila abiatuko da, Aimar Olaizolak dituenetik batera. Udarako lehen torneo handiaren berri eman dute Aspek eta Baikok astearte honetan.
Hala, ekainaren 20an, Etxarri Aranatzen ekingo dio torneoari Baikok, eta Urrestillan Aspek. 16 pilotari arituko dira txapelketan, zortzi Baikotik eta beste zortzi Aspetik. Enpresa bakoitzak bere ibilbidea egingo du torneoan.
Aspetik, Altuna III.a eta Ezkurdia izango dira zerrendaburu, eta beraiekin batera arituko dira Peio Etxeberria, Javier Zabala, Aitor Elordi, Dario Gomez, Iker Salaberria eta Julen Egiguren.
Lehenengo kanporaketa Urrestillan jokatuko dute, hilaren 20an, Dariok eta Egiguren V.ak. Hurrengo egunean, Elordi eta Salaberria aurrez aurre arituko dira Barañainen. Hilaren 24an Peio Etxeberriaren txanda izango da Eibarren, Barañainen garaile izan den pilotariaren aurka. Egun berean, baina Seguran, Zabalak Urrestillako irabazlea izango du aurkari.
Ekainaren 28ra arte itxaron beharko da Ezkurdia jokatzen ikusteko. Berriki Binakako txapeldun bilakatu zena Eibarreko irabazlearen aurka arituko da Sopelan. Egun bat beranduago iritsiko da Altuna III.aren txanda. Egungo txapeldunak Segurako irabazlea izango du aurrez aurre Mungian.
Unai Lasoren hutsunea
Baikok buruhauste handia izan du Unai Lasoren lesioarekin. Hala, zerrendaburuak Iñaki Artola Buruz Buruko txapeldunordea eta Jon Ander Peña izango dira.
Enpresa honetako pilotarien torneoa Agirre-Bakaikoa eta Zubizarreta III.a-Senar kanporaketekin hasiko da hilaren 20an, Etxarri Aranatzen. Hilaren 21ean, Muskizen, Jaka eta Larrazabal elkarren kontra arituko dira final-zortzirenetan; eta 22an, Zaldibarren, Etxarri Aranatzeko bi garaileak aurrez aurrez arituko dira.
Hilaren 25eko final-laurdenetan sartuko da Artola torneoan, Zaldibarko garailearen aurka. Peña II.ak 27an jokatuko du, Gernikan, Muskizko irabazlearen aurka.
Finalerdiak uztailaren 4an jokatuko dituzte Donostian, eta uztailaren 7ko finala Nafarroa Arenan izango da.
Eskiroz, 2028ra arte
Bestalde, Iosu Eskiroz pilotariak kontratua berritu du Baiko Pilotarekin 2028ra arte. Enpresak eta pilotariak adostu dute elkarren arteko lotura hiru urtez luzatzea. Horixe jakinarazi du Baikok, ohar ofizial baten bidez.
Eskirozi aurten bukatzen zitzaion Baikorekin zuen kontratua. 2023an berritu zuen 2025era arte, eta, orain, gutxienez beste hiru urte emango ditu bertan. Makirriaingo atzelariak 2018an egin zuen debuta profesional mailan Labrit pilotalekuan.
Nafarrak Promozio Mailako Binakako Txapelketako bi txapel ditu, 2020an eta 2023an irabazitakoak. Horrez gain, 2024an B Serieko Binakako Txapelketako txapeldunorde izan zen.

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia
