Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Gatazkaren ondorioei konponbidea emateko konpromisoa berretsi du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuen ordezkariak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bildu dira ostiral honetan, Sare Herritarrarekin batera, «urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriekin» bat egiteko.

Gehiengo sindikalak Iruñean egindako mobilizazioa.
Gehiengo sindikalak Iruñean egindako mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du ostiral honetan Sare Herritarraren «urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriekin». Aurretik ere hilero elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuok helburu honetakin eta joan den apirilean gaixo dagoen Gotzon Telleria preso bilbotarrararen egoera salatu zuten Sarerekin batera.

ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuen ordezkariek parte hartu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako kontzentrazioetan. Bertan, LAB eta ELAren bi kidek Sarek deitutako mobilizazioei babesa adierazi diete: «Beste behin euskal sindikatuen gehiengoak bat egiten dugu Sare Herritarraren aldarriekin, bat egiten dugu urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriarekin eta noski, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin».

«Datorren urtean 15 urte beteko direlarik ETAk bere jarduera eten zuenetik, eta oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari dela euskal gizartea» salatu dute. Zentzu honetan, sindikatuek berretsi nahi izan dute «sufrimendu horren amaieran eta gure herri eta gizarteak horrenbeste behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean gure ekarpena egiteko konpromisoa».

«Ondorioez ari garenean aipatutako sufrimenduak utzitako biktimez ari gara, biolentzia ezberdinen biktimek, hau da, biktimek oro har, horren beharrezko duten egiaz, errekonozimenduaz, aitortza instituzionalaz eta erreparazioaz ari gara. Ondorio dira baita ere, salbuespen lege eta politiken ondorioz beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen egoerak, eta ondorio dira oraindik ere erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoera», adierazi dute.

Azkenean, nabarmendu dute alderdi politikoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuen eta gizartearen ardura dela elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea, eta konponbideari euren ekarpena egiteko konpromisoa berretsi dute: «Guztion ardura da ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea».

Gotzon Telleria, «salbuespen» egoera

Bilboko agerraldian, LAB eta ELA sindikatuen ordezkariek ere adierazpenak egin dituzte. LABen izenean, «azken urteetan urrats garrantzitsuak eman direla preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko» aipatu du Endika Perezek. «Bada garaia etapa bat itxi eta preso politikoek haien askatasuna berreskuratu dezaten», eskatu du.

Zentzu honetan, Perez gogoratu du azken 50 urte hauetan «kalteak jasotako pertsona ugari daudela». «Oraindik Estatuaren biktimek aitortzarik gabe jarraitzen dute. Bestaldean, ETAren biktimek aitortza osoa dute», adierazi du. «Baina ez da soilik atzera begirako ariketa –erantsi du–. Guretzako presoen etxeratze prozesuak eta presoen askatasuna aurrera begirako inbertsioa da, gatazkaren zikloari itxi eta elkarbizitza egonkortzeko modurik eraginkorrena delako», amaitu du.

Bere aldetik, ELAren izenean Aitor Murgiak azaldu zuenez, «hurrengo urtean 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera utzi zuenetik, eta oraindik euskal gizarteak honen ondorioak pairatzen ari da». Bere adierazpenean, ELAren Azterketa Bulegoaren buruak gogora ekarri du Gotzon Telleria presoak jasaten duen egoera: «Oraindik badaude 56 preso zeinei salbuespen neurriak aplikatzen zaizkien. Hor daukagu Gotzon Telleriaren adibidea, 68 urterekin eta sendatu ezina den gaixotasun batekin, kartzelan da, hirugarren gradua aplikatu beharko litzaiokeen arren».