Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Martxel Aldai
Orioko arraunlaria

«Orioren nortasunaren parte da arrauna eta garaipenek ilusio handia ekarri dezakete herrira»

Martxel Aldaik (Aia, 1997) aurten 15. denboraldia du Orio Arraunketa Elkartean eta zuzendaritza berriak osatutako «anbizio handiko proiektuarekin» ilusioz gainezka dago. Gainera, liga aurreko txapelketak irabazi eta lehen bi banderak bereganatuta, emaitzak ere alde dituzte.

Orioko eskifaia, Martxel Aldai ankekoa, patroiaren ezkerraldean, Bilboko estropadan.
Orioko eskifaia, Martxel Aldai ankekoa, patroiaren ezkerraldean, Bilboko estropadan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldi aurre honetan asko hitz egin da Orioren proiektu berriari buruz. Eskarmentua fitxatu dute –Gorka Aranberri patroia, Medina, Carballeda, Gonzalez– bai eta Iker Zabala entrenatzailea ere, Bermeorekin bi urte oparo osatu ostean. Honek, eztabaida jarri du mahai-gainean baina liga hasi aurretiko txapelketa guztiak bereganatuta –Gipuzkoa, Euskadi eta Espainia– eta lehen bi banderak astinduta (Bilbo eta Sestao), ilusioa piztu da mirotzen artean. Martxel Aldai harrobiko arraunlariarekin hitz egin du NAIZek, orain artekoa aztertu eta denboraldi honetako erronkez mintzatzeko.

Zer moduz zaude denboraldi hasiera honetan?

Ilusioz beteta. Anbizio handiko proiektu batean egonda, ikusten duzu proiektu horretan jarritako perspektiba guztiak betetzeko gaitasunarekin gabiltzala eta egon nahi dugun leku horretan gaudela.

Faboritotzat jo zaituztete, liga aurreko txapelketa guztiak irabazita, lehen asteburuko bi banderak poltsikoratuta... Emaitzek ere sinestarazteko balio dizue?

Bai. Iruditzen zait faborito papera urteko emaitzei begiratuz gero, bai izan dezake zentzua baina uste dut beste talde askok daukaten ibilbideagatik soilik ere merezi dutela paper hori. Donostiarra, Zierbena eta, zer esanik ez, Bermeo azken urteetan maila handian ibili diren taldeak dira eta beraiek ere guk adina merezi dute paper hori, ez bada guk aurten emaitzetan pixka bat aurretik egotea lortu dugulako.

«Donostiarra, Zierbena eta, zer esanik ez, Bermeo azken urteetan maila handian ibili diren taldeak dira eta beraiek ere guk adina merezi dute paper hori»

Zeintzuk dira zuen arerio indartsuenak? Aipatu dituzun horiek?

Hiruak daukatela gaitasuna egoera konkretuetan guri aurre egiteko eta beraien artean diferentziatzen ere ez nuke jakingo. Oraindik gure lekua hartzeko gaude ligan. Niri pertsonalki beldur gehien ematen didana edo potentzial gehien ikusten diodana Zierbana litzateke.

Azken urteetan ere arerioei bandera batzuk kentzen aritu da.

Bai, azken bi denboralditan, Dani Perez entrenatzailearekin daudenetik. Duela bi urte bost bandera lortu zituzten eta pasa den urtean, hiru. Iaz Bermeo handi bat zeukaten aurrean eta Bermeo handi horri askotan aurre egiteko gai izan ziren. Lehengo urteko emaitzak agian ez du beraien errendimendua ongi islatzen. Asko ibili zen talde bat izan zen.

«Orio bezalako klub batek historikoki daukan pisua ez da islatu emaitzetan azken urteetan»

Asko ibiltzen aurten zuek zabiltzate. 23 urte beranduago Euskadiko txapelketa bereganatuta, zu zeu eskifaian bertan egon zinen. Zein sentimendu gailendu zen?

Ez dut hainbeste maila historikoan baloratzen baina egia da Orio bezalako klub batentzat historikoki daukan pisua ez da islatu emaitzetan azken urteetan. Zuzendaritza honen helburua zen Orio irabazle bat eraikitze hori eta anbizio handiko apostu bat egitea. Jende askorentzat agian urrats polemiko bat izan arren, ikusten da emaitzak ematen ari dela eta guretzat, barne mailan, taldekide bezala, Euskadiko txapelketa irabaztea hainbeste lehiatu ondoren, pisu emozional dezente dauka. Beraien ibilbide bukaeran dauden taldekideentzat agian irabazteke geratzen zitzaien bandera gutxitako bat zen eta beraz, polita izan da.

Uste duzu Orioko herriak merezi duela bandera eta garaikurretatik benetan gertu egote sentimendu hori?

Orioren nortasunaren parte da arrauna, onerako eta txarrerako. Belaunaldi oso batzuk bizi izan dira Orio irabazten ikusten. Azken urteetan erreferentzia hori galdu dela iruditzen zait, akaso ilusio hori ere bai herrian. Ez dut uste urtebeteko emaitzak hori erabat aldatzeko balioko duenik baina bai, modu batera, garaipenek ilusio asko ekarri dezakete herrira.

«Elkar oso ondo hartu dugu eta aurreneko egunetik lan asko egiteko borondatearekin aurkitu gara»

Aldaketa asko eman dira taldean, zortzi baja, bederatzi fitxaketa. Tartean, Iker Zabala entrenatzailea. Zer moduz joan da negua?

Oso erraza egin zaigula esango nuke. Erraza ez exijentzi maila baxua izan delako baizik eta ilusio eta gose handiarekin hasi genuelako urtea. Kanpotik etorri direnak esperientzia eta ibilbide luzea daukate arraunean eta beraiek ere irabazteko nahi hori edonork bezainbeste daukate. Elkar oso ondo hartu dugu eta aurreneko egunetik lan asko egiteko borondatearekin aurkitu gara.

Zein izan da Zabalaren mezua neguan eta orain behin denboraldi hasita?

Neguan, alde batetik, ideia garbi batzuk, egin behar genukeenaren inguruan: arraunkerari dagokionez oso ideia garbiarekin etorri da. Lan egiteko modu bat eta metodologia batekin etorri da eta hori aplikatzen saiatu da etengabe. Orain, udaran, horrekin jarraitzen dugu. Proiektu berri bat da, hilabete batzuk bakarrik goaz elkarrekin eta oraindik gauza asko daukagu fintzeko. Asteburu batean bi bandera irabazteak ezin digu atera eraiki nahi dugun guzti horretatik.

Zein da erronka nagusiena?

Erronka nagusiena izango litzateke urte guztian zehar errendimendu oso ona ematen duen talde bat izatea eta horren bitartez ahalik eta garaipen gehien pilatzea. Garaipen guztiak ez dira berdin baloratzen baina badaukagu potentziala urte guztian lehiakorrak izan eta ahal dan guztia irabazteko.

«Bata edo bestea jarri txalupa azkar dabilela ematen du eta ez da hainbeste izango bata edo bestearen arteko eztabaida, baizik eta talde dinamika egoki baten ondorioa»

15 urte daramazkizu klubean, liga bat ere irabazitakoa zara. Azken urteak trantsizio modukoak izan dira. Ez dakit orain faborito izate horrek mentalki eraginik duen edo beti bezala ari zareten kudeatzen.

Alde batetik dago mediatikoki edo inguruan eduki ahal duzun presio hori. Orain ematen duelako bapatean faboritoak garela. Guk hortik kanpo oso jakitun gara gure lekua zein den, gure indargune eta ahulguneak zeintzuk diren eta zein lan egin behar dugun. Kanpoko faboritismo horrek ez digu gehiegi eragiten. Bai, agian, barne mailan ikustea gure burua irabazteko gai dela eta orain hain ondo hasita gai izan beharko dugu guk gure buruari jartzen diogun presio horri, maila berdinean jarraitu behar horri, nola aurre egiten diogun, jakitun izanda makalaldiak etorriko direla, estropada guztiak irabaztea ezinezkoa dela. Presio horrek gehiago kezkatzen nau kanpotik etorri daitekeenak baino.

Pertsonalki zeuk zein helburu dituzu? Euskadi eta Espainiako txapelketetan eskifaian egon zara, lehen bi estropadetan ere bai. Zabalaren konfiantza daukazula esango zenuke?

Nik ere badaramatzat urte batzuk arraunean eta horrek nolabaiteko eskarmentua ematen dizu. Baina esango nuke Ikerrentzat 22 arraunlariok garela taldekideak eta denongan dauka konfiantza. Bata edo bestea jarri txalupa azkar dabilela ematen du eta ez da hainbeste izango bata edo bestearen arteko eztabaida, baizik eta talde dinamika egoki baten ondorioa.