
Kabiako 15 garbitzaileren plazak betetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako deialdian euskara eskatzea baliogabetu du Donostiako Epaitegi batek. Efe agentziak eta CCOO sindikatuak eman dute epaiaren berri. Azaldu dutenez, pertsona batek jarritako errekurtsoa partzialki onartu du epaileak, eta euskara eskakizuna jasotzen duten atalak ezeztatu ditu, «ez direlako zuzenbidera egokitzen». Ez da lehendabiziko aldia epaile batek Kabiarako plazen deialdi baten aurka egiten duena euskara eskatzeagatik.
Argudiatu duenez, deialdiaren oinarriek plazak eskuratzeko «baldintza linguistiko batzuk inposatzen dituzte». Eta Kabian «euskara normalizatzeko helburuak» bete nahian, «errekurtsoa jarri duen lagunaren lan publikoa lortzeko xedea txikitzen dute».
Berdintasuna
Epaiak zehazten du Kabiak ez zuela zaindu herritarrek euskaraz ere arreta jasotzeko duten eskubidearen eta eskaintzen diren lanpostuak lortu nahi dituztenen baldintzen berdintasuna bermatzearen artean «egon behar den oreka». Ildo horretatik, deitutako 15 plazetatik 11etan «parte hartzeko baldintza gisa» euskara exijitzeak «gaztelania hiztunen aukerak oso nabarmen eta, ondorioz, modu desorekatuan murrizten dituztela» defendatu du.
Horrek, esan duenez, enplegu publikora sartzeko beren aukerak asko gutxitzen ditu, deitutako plazen %22,66tara soilik aurkez daitezke-eta. Horrek, epailearen ustez, «errekurritutako oinarrien traza diskriminatzailea» markatzen du.
Deialdi honetako plazen %73,33tan euskara baldintza espezifiko gisa eskatzen dela azpimarratu du sententziak, eta oroitarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ezarritako bete beharreko indizea %63,19koa dela. Horregatik, deialdiak «Zuzenbide Konstituzionala urratzen duela» uste du, «errekurtsoa jarri duen pertsonak ezin duelako baldintza beretan parte hartu».
Epai hau ez da irmoa eta helegitea jartzeko aukera dago.
CCOOren irakurketa
Sententziaren berri izan ondotik, CCOO sindikatuak ohar batean azaldu du kasu honetan inplikatutako langileek ez dutela beren lana egiten dutenean herritarrekin erlazionatu behar. Oroitarazi duenez, «hamarkadak daramatzate erresidentzian aldi baterako kontratuekin, lan ordutegiaren barnean euskara ikasteko aukerarik gabe».
CCOOk gaineratu duenez, «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak erabat bateragarriak dira proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatzen badira».
Sindikatuak salatu du administrazio batzuk Lakuako Gobernuaren beraren «hizkuntz arautegia eta langileen lan eskubideak urratzen tematu» direla. Bere iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioak «profil linguistikoa masiboki eta modu desorekatuan eskatzera mugatzen dira beren lan eskaintza publikoetan aurretik langileek euskara ikas dezaten baliabide eta bitarteko nahikorik jarri gabe». Ondorioz, «euskara ikastearen kostua langileen gainean erortzen da».
CCOO «politika alternatibo baten» alde agertu da, «euskaltegien doakotasunean oinarritua, langileei ikasteko denbora emanez, makroazterketarik gabe, beste modu batera bermatuz euskararen jakintza, eta soilik ahozkoak eta ulermenezkoak diren profilak ofizialki aitortuz».

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Euskal Estatuaren oinarriak jartzeari ekin dio Sortuk, egitekoa eta zuzendaritza eraberrituz

Más de 100.000 vascos han dejado por escrito cómo quieren que sea el final de sus vidas

