Palestinak pairatzen duen genozidioa salatzeko mobilizazioek ez dute etenik Euskal Herrian
Israelek eragiten duen genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioek ez dute etenik Euskal Herrian. Sestaon Israelek kirola bere burua zuritzeko erabiltzen duela azpimarratu dute, Baionan genozidioa salatu dute. Ibaitik Itsasora martxa igandean helduko da Iruñerrira.
Israelek eragiten den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak izan dira Euskal Herriko toki ugaritan.
Sestao Palestina Herri Ekimena deiturik, manifestazioa egin dute larunbatean Ezkerraldeko herri honetan Israelek egiten duen genozidioa zuritzeko kultura eta kirola erabiltzen dituela salatzeko.
Mobilizazio hau Sestaon jokatzen ari den xakeko Open Basque Country lehiaketan zazpi jokalari israeldar parte hartu behar zutela salatzeko deitua zegoan, baina azken egunotan egin den presio soziala dela eta Estatu sionistaren ordezkariak txapelketan ez aritzea erabaki dute. Dena den, manifestazioaren deialdia mantendu dute.
Plataformaren arabera xakelari israeldarrek Sestaon ez aritzea «garaipen txiki bat» da. Halere, «Gazan genozidioa ez dela gelditu» nabarmendu zuten. Horregatik, «Sestaok bere kaleetan estatu genozidaren ordezkaririk ez duela nahi» berretsi dute.
«Sestaoko biztanleek, gure herriko xake taldearekin batera, erakutsi duten indarra eta kemenari esker helburua lortu dugu», gaineratu zuten.
Honekin batera, Bilbon Vuelta txirrindulari lasterketan gertatu zena «Estatu herri desberdinetan ematen ari den protestan abiapuntua» izan zela adierazi zuten.
«Gertatukoak argi eta garbi erakusten digu kaleetan genozidioa salatzea eta gobernuei beste aldera ez begiratzea eta ekitea eskatzea eraginkorra dela frogatu dute», azpimarratu dute.
Baionan, Gazako sarraskia salatu
Baionan ere manifestazioa egin dute genozidioa salatzeko eta Gazan su etena eskatzeko. Mobilizazioa Santi Espiritu zubian amaitu da.
«Gazak pairatzen dituen blokeoa eta genozidioa salatzeko atera gara kalera. Gertatzen ari dena ez da guda, genozidioa baizik», nabarmendu dute.
Ibaitik Itsasora, Iruñerrian igandean
Asteazkenean Tuteran abiatu zen eta hilaren 20an Hendaiara helduko den Ibaitik Itsasora martxa Iruñerrira helduko da igandean, larunbatean Tafallatik Soltxagarako ibilbidea egin ondoren.
Iruñerriko ibilbidea goizeko 9.00etan hasiko da M. Torres enpresak Elortzibarren duen egoitzan. Handik Noainera joango dira, alkateak harrera egingo dielarik.
Iruñean Zaragoza etorbidetik sartuko dira, 12.35ean Oliveto kondearen kalean Osasunbideak sionismoarekin lotura duen TEVA farmazeutikari produktuak erosten dizkiola salatuko dute. Ondoren, San Inazio etorbiko Zara dendaren aurrean protesta egingo dute ere.
Alde Zaharrera Gaztelu plazatik sartuko da martxa, ibilbide hau egingo duelarik: Txapitela-Mercaderes-Santo Domingo, Arrotxapearantz joateko.
Artikako errepidean salaketa puntu berri bat izango da: CAF taldeko Orbital enpresaren aurrean. Martxisten jarduna 14.30ean Antsoaingo Sakanpea plazan amaituko da.
Palestinaren aldeko ikasleei mobilizatzeko deia egin du Ikamak
«Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurrean, ikasleak ‘besoak gurutzatuta ezin direla gelditu’ adierazi du Ikama ikasle antolakundeak, «Palestinak inoiz baino gehiago babesa behar duela gaineratuz».
Horregatik, datorren astean, hilaren 16an, mobilizazioak deitu ditu berriz ere Euskal Herriko unibertsitate eta hamarnaka ikastetxetan ‘Aski da! Ikasleok Palestinarekin!’ lelopean.
«Euskal Herria eredugarri izaten ari da Palestinaren aldeko borrokan, eta hau esparru guztietara eramateko beharra azpimarratzen dugu. Eta beraz, orain arte egin bezala, ikasleei kalean borrokatzen jarraitzea dagokiela» adierazi du Ikamak.