INFO
Elkarrizketa
Iraia de la Torre eta Intza Gurrutxaga (EHE)
Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak

«Euskararen normalizazio prozesua gauzatu ahal izateko derrigorrezkoa da independentzia»

‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ leloarekin, manifestazio nazionala deitu du EHEk larunbaterako Durangon. «Ez da huskeria euskararen alde milaka lagun mobilizatzea. Larrialdi egoera honetan aktibazioa sustatzeko bide bat da», adierazi dute Iraia de la Torre eta Intza Gurrutxaga kideek.

Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre (Gorka RUBIO | FOKU)

Hitzordu garrantzitsua antolatu du Euskal Herrian Euskarazek, larunbat honetan, abenduak 6, Durangoko Azokaren testuinguruan euskararen alde kaleak hartzeko. 13.00etan abiatuko da martxa, Landako gunetik. Dagoeneko 30 eragile baino gehiagok eman diote atxikimendua ekimenari, tartean euskalgintzakoek (Euskalgintzaren Kontseilua, AEK, Ikastolak, Elkar Fundazioa, Konfederazioa…), eta baita bertzelako herri mugimendutakoek (Ikama, Bilgune Feminista, Jardun Koordinadora, Gure Esku, Ernai…) eta sindikatuek ere (Steilas, LAB eta ELA).

Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre EHEko kideak dira, Getariakoa da lehena eta Azagrakoa bigarrena. Oroitu dutenez, etenaldi baten ondotik (pandemiagatik eta EHEk garai ahulago batzuk bizi izan zituelako) iaz heldu zioten berriro ere manifestazioari. Aurten, bigarren urtez jarraian antolatu dute hitzordua.

«Joan den urtetik jada euskalgintzatik bagabiltza esaten larrialdi egoeran gaudela. Urtebete daramagu horri aurre egiteko baliabideak behar ditugula nabarmentzen. Azken urte honetan bai sumatu da mugimendu bat bai euskalgintzaren baitan eta baita kaleko giroan ere. Azken egunetan hitzaldietan ibili gara eta herritarren artean ezinegon bat nabaritu dugu, nondik jo edo zer egin ez jakite bat. Sumatzen da kezka bat badagoela eta kezka hori badabilela zabaltzen, eta horren aurrean euskalgintzatik badago diagnosi kolektibo bat, larrialdi egoeran gaudenarena», hasi da Gurrutxaga azaltzen.

Beraz, esperantza dute jendea manifestaziora bertaratuko dela eta iazkoa gainditzea lortuko dutela.

Hipotesi bat puskatu

De la Torrek erantsi du diskurtso bat zabaltzen ari dela hipotesi bat apurtzen duena: euskararen normalizazio prozesua aurrera doa. «Gaur egungo diskurtsoak hori apurtzen du eta horrek dagoen ezinegon hori bideratzeko aukera ematen digu, herri mugimendu euskaltzale batean kaleak berriro euskararen alde hartzeko eta euskararen zapalkutza hori, ez dena inoiz eten baina ezkutuago egon dena, berriro azaleratzeko. Une batzuetan normalizazio prozesu bat eman da, baina orain berriro atzera egiten ari gara».

Hor kokatzen da manifestazioa, eta bere diskurtsoa edo ikuspegia zabaltzeko aukera emanen dio EHEri: «Euskararen normalizazio prozesua benetan gauzatu ahal izateko derrigorrezkoa da estatu egitura propioak izatea, hau da, independentzia». Hori kaleak hartzearekin lotuta dago. «Instituzioak hartu behar dira, baina ezin dugu ahaztu horretarako kaleak hartu behar direla eta gizarte bat antolatu behar dela».

 

Iraia de la Torre EHEko ordezkaria, NAIZekin elkarrizketan. (Gorka RUBIO/FOKU)

 


‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ izanen du lelo martxak. 2021ean egin zen ‘Astindu’ barne prozesuan eragile independentista gisa aitortu zuen bere burua Euskal Herrian Euskarazek, eta ordutik Euskararen Errepublika izendapena erabili du, independentziaren sinonimoa. Hori indartzen dabil eta iazko manifestazioa ere lema berarekin egin zuen.

 

«Oinarrizkoa da, jakinda arazoa batez ere gaitasunarena dela, ‘orain zer?’ galderari erantzutea. Zer egin behar dugu herri mugimendu bezala eta zer eskaini edo exijitu behar diegu instituzioei?»


Antolaketari dagokionez, Azagrakoak bi ildo nagusi aipatu ditu. Bata EHEren bueltako militanteekin lanketa egitea eta militantzia euskaltzalea astintzea. Horretarako egin dute hitzaldi sorta, ez bakarrik manifestazioa aurkezteko; euskararen egoeraren hausnarketa zabaltzeko eta kontzientzia hartzeko ere bai. Bertzetik, nola heldu jendarte zabalarengana, militantzia horretan ez dabilen jendearengana, diskurtsoa zabaltzeko eta indartzeko. Bigarren horretan, hau bezalako elkarrizketak eta kaleko presentzia sartzen dira.

Hitzaldi zikloa

EHEk hamar hitzaldi inguru egin ditu herriz herri, eremu euskaldunagoetan eta ez hain euskaldunetan. Elkarrizketaren bezperan Donostiako San Telmo Museoan egin zuten justu. «Berezia izan zen mahai-inguru bat izan zelako, Euskalgintzaren Kontseiluarekin, Bagera Elkartearekin eta Ikamarekin batera egindakoa. Bertan galdetu ziguten ea nola ulertzen genuen euskarari eman beharreko bultzada eta zer arrazoi emango genituzkeen jende berria euskaren aldeko borrokara hurbiltzeko», kontatu du De la Torrek.

Oro har, hitzaldietan euskararen egoeraren gogoeta plazaratu dute: nondik gatozen, zer gertatu den azken urteetan eta non gauden orain. «Horretarako Iñaki Iurrebasok egindako tesia erabiltzen ari gara batez ere, euskalgintzarentzat garrantzitsua dela uste dugulako, hizkuntza politiken atzetik zegoen hipotesi bat apurtzen duelako: ezagutzak ekarriko du erabilera. Guretzat oinarrizkoa da, jakinda hori ez dela gertatzen ari, eta arazoa batez ere gaitasunarena dela, ‘orain zer?’ galderari erantzutea. Badakigu beste marko batean gaudela, hortaz, zer egin behar dugu orain guk herri mugimendu bezala eta zer eskaini edo exijitu behar diegu instituzioei?».

Nora goazen ere azaldu dute hitzaldietan: Euskararen Errepublika da EHErentzat helmuga. Izan ere, «normalizazio prozesu batzuk aurrera eraman ahal dira gaur egungo espazio honetan, bereziki EAEn, baina hala ere, bi estaturen mende jarraitzen dugu. Horrek muga batzuk jartzen ditu eta, gainera, EAEn ikusten ari den bezala, une batean atzerapausoak egon daitezke». Hori jakinda, ezinbertzeko jotzen du EHEk egitura propioak sortzea eta independentzia lortzea benetako normalizazio prozesu bat garatu ahal izateko.

Euskara minorizazio gorrian dagoela eta Euskararen Errepublika behar dugula defendatu ondotik, hitza hartzeko aukera eman dute eta parte hartze handia egon da. Bakoitzak bere erronkak eta gabeziak planteatu ditu. Hitzaldien helburua tokian tokiko euskaltzaleen bilgune bat sortzea ere izan da. Horrek aktibaziorako bidea ematea sustatu dute.

EHEren komunitatea

EHEn batzorde bat dago, mugimenduaren urte osoko jardunaren gidaritza daramana. Batzorde hori bost kidek osatzen dute. Horretaz gain, 150 kide inguru dituzte, batzuk aktiboago, bertze batzuk agian ez hain aktibo, baina guztiak komunitatearen parte. Horiek ekarpena egiten dute tokian toki eta nazio mailan, proposatzen den ekintzaren arabera eta modu ezberdinetan: kartelak jarriz, hitzaldiak antolatuz, desobedientzia ekintzak eginez... Euskal Herri osoan zehar zabalduta daude. Gabezia batzuk daude lurraldeka, eremu batzuetan gutxiago daude eta bertze batzuetan gehiago, baina herrialde guztietan dituzte kideak.

 

Intza Gurrutxaga, EHEko kidea, NAIZekin solasean. (Gorka RUBIO/FOKU)



Kontseiluko zuzendaritzako kide da Euskal Herrian Euskaraz. «Orain dela urtebete larrialdi egoeran geundela esan genuenean, gizartearen mobilizazio indartsu bat behar dela defendatu genuen. Pizkunde bat egon zen 60ko hamarkada bukaeran eta orain gauden larrialdi honetatik ateratzeko ere beste pizkunde bat behar dugu. Bestetik, hizkuntza politika ausartagoak behar ditugu, benetan euskararen normalizazioan Euskal Herri osoan urratsak egiteko, gaur egun ez bezala, atzerapausoak ematen ari garelako. Kontseiluko zuzendaritzako kide guztiok bat egiten dugu horretan. Guk argi ikusten dugu euskararen normalizazio prozesu horretarako benetan independentzia behar dugula. Eragile bakoitzak bere diskurtsoa lantzen du, baina helburua bada olatu berri hori sortzea eta eragitea, euskara erdigunean jartzea eta beharrezko baliabide horiek ematea», adierazi du Intza Gurrutxagak.

Independentzia justiziarekin lotuta

Erran bezala, EHE eragile independentista dela zehaztu zen 2021ean. «Horrek ez du esan nahi aurretik ez zenik eragile independentista, betidanik izan da. Txillardegi zen EHEren sortzaileetako bat eta hark esaten zuen: estatu batekin agian euskara ez da salbatuko, baina estaturik gabe ziur ezetz. Oinarritik lotu izan da euskararen borroka independentziarekin, baina bai sumatzen zen azken urteetan independentzia ez zela hainbeste aipatzen eta joera bat egon dela euskararen gaia ez politizatzeko. Askatasun indibidualetan lagatzen zen, euskarak erakarri egin behar duela esaten zen... Marko hori berriro kokatu behar zela uste genuen: euskarak egiturazko zapalkuntza bat jasaten du, hori gainditzeko egiturazko baliabide batzuk behar ditu, eta estatu propio bat behar du», azaldu du getariarrak.

 

«Jakinda independentzia ez dela hain agerikoa, nola erakarriko dugu jendea ikusteko independentzia beharrezkoa dela ez soilik euskararentzat, baizik eta Euskal Herri justuago bat lortze aldera?»



Iraia de la Torrek gaineratu du momentu zehatz batean independentzia herri mugimendu guztien erdigunean kokatzen zela, bai ala bai bete beharreko baldintza zen, ez zen aipatzen ere. Orain, esplizitatzeko beharra ikusi dute. «Jakinda independentzia ez dela hain agerikoa, nola erakarriko dugu jendea berriro independentziaren behar hori sustatzeko? Ikusteko independentzia beharrezkoa dela ez soilik euskararen biziberritze prozesua aurrera eramateko, baizik eta Euskal Herri justuago bat lortze aldera?».

Intersekzionalitatea

2021eko prozesuan, intersekzionalitatearen gaia landu zutela oroitu du Azagrakoak. «Independentzia ez dugu euskalgintzatik bakarrik lortuko, baizik eta herri mugimendu guztiok balore eraldatzaile horiek batzen baldin baditugu, horren ardatza euskara izanda. Alegia, ez dugu defendatzen estatu propio bat sortzea estatu horrek ez baditu zapalkuntza guztiak gainditzen».

Hori bada EHErentzat interesgarri izan daitekeen gako bat bertze herri mugimendu batzuetan ibiltzen diren kideak ere batzeko eta independentziaren gaia berriro erdigunean jartzeko.

«Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri hori da euskaratik sustatuko eta lortuko dena. 60ko hamarkadan askatasunaren aldeko borroka gisa hartzen zen euskara. Akaso orain bertze diskurtso batekin, gaurko garaira egokituta, baina bai ikusten dugu zentzu guztietan askea izango den Euskal Herri baterako zentrala dela hizkuntzaren aldeko borroka hau. Eginahalak egiten gabiltza hor kokatzeko», baieztatu du Gurrutxagak.

Edozein borrokari begiratzen badiozu, euskaraz da. «Kolektibo zapaldu gisa, beste zapalkuntza batzuk gainditzen ari zarenean, badago kontzientzia bat: euskaldun gisa zapalduak gaude, emakume gisa zapalduak gaude. Mugimendu feministan dabilena kontzientzia horretatik abiatzen da: egiturazko zapalkuntza ezberdinak daude. Beraz, hori gainditzeko hautu politikoan, hizkuntzarena ere txertatzea ezinbestekoa da Euskal Herrian behintzat», adierazi du De la Torrek.