Beñat Zarrabeitia Asensio
infraganti

ARAITZ URTIAGA

Itsasoari begira bizi da Zarautz. Bertako hondartzako olatuetan trebatu dira Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Axi Muniain edo Lore Eizagirre surflariak eta hondar gainean egin zituen aurreneko geldiketak Joxe Anjel Iribar atezain mitikoak. Azken asteetan, aldiz, arreta kiroldegian loratutako talde batek bereganatu du. Izan ere, Oviedon jokatutako lauko finalean, Aiala Zarautz eskubaloi taldeko neskek Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten maiatzaren 2an.

Urteetako lanak saria eman du eta horren jabe da Araitz Urtiaga, Aiala Zarautz taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa. «Izugarria izan da. Gure kirol amets politenetan ere ez zen horrelakorik ageri. Oviedon bizitako guztia, garaipena, baina baita gure herrikideengatik jasotako berotasuna, ikaragarria izan da benetan. Zaila egiten zait sentitutakoa hitzekin deskribatzea, oraindik urduri jartzen naiz pentsatzearekin bakarrik. Urte asko dira mailari eusteko borrokan pasa ditugunak, eta beste hainbat sailkapenaren erdian murgilduta ibili garenak; aurtengo denboraldia, baina, ezin politagoa izan da», hasi du kontaketa. «Guk gozatu egin dugu, baina jendeak gurekin gozatu duela ere sentitzen dugu eta hori sentsazio itzela da. Guztion garaipena izan da».

Mende erdia igaro da Zarauzko eskubaloi taldea sortu zenetik eta bere historian zehar soilik behin aritu da Ohorezko Mailan. Harrobia lantzea izan da bere ezaugarri nagusia, hainbat boluntarioren ezinbesteko parte hartzearekin. Urtiagak proiektuaren oinarri gisa jotzen duen elementua da boluntarioen ekarpena. «Euren lan, babes eta animo gabe ez zen berdina izango, inondik ere. Argi dago, beraz, Zarauzko eskubaloia gaur egungo sistemarekin puskatzen duen etorkizuneko apustu bat dela, eta begi bistakoa da honek ere emaitza onak eman ditzakeela», nabarmendu du.

Urtiagaren lehen kirol urratsak ikastolako taldean heldu ziren: «Eskola kirolean parte hartzen genuen eta horrela kirol diziplina desberdinak ezagutzeko aukera genuen. Asko eskertzen dudan zerbait da. Eskola kirola kirol aniztasuna bultzatu eta lehiaz harago heziketarako tresna gisa baliatzen da. Horretarako haurren adin, gaitasun eta ezaugarriak kontuan hartzen dira».

Nerabezaroan hautatzeko unea ailegatu zitzaion eta ez omen zen erabaki erraza izan, kirol ezberdinetan gustura aritzen baitzen. «Azkenean, ez dakit lagunengatik edo inguruko giroarengatik, baina eskubaloian federatu nintzen. Beraz, 14 urterekin Zarauzko eskubaloi sailean hasi nintzen eta oraindik ere bertan nabil».

Federatu eta bi urtera jada lehen taldearekin debutatu zuen Urtiagak. Horrela gogoratzen ditu garai horiek: «Urte pare bat izan ziren gazteen ekipoaz gaindi seniorretan ere aritu nintzela, ez nintzen bakarra, nire betiko lagunak nirekin zeuden eta gaur egun ere oraindik elkarrekin jarraitzen dugu. Lagunak oso garrantzitsuak izan dira nire eskubaloi ibilbidean, beraiek izan dira aurrera jarraitzeko arrazoi nagusia».

Kategoria mantentzeko borroka

Ohorezko Mailan jokatzeko txartela eskuratu aurretik, zarauztarrek zilarrezko mailari eusteko komeria latzak pairatu dituzten denboraldiak ezagutu dituzte. Orduko partida erabakigarriak ere Urtiagaren oroimenean oso presente daude: «Behin baino gehiagotan kategoria mantentzea azken partidan jokatu genuen, eta partida horiek ere izugarriak izan ziren, ez ditut inoiz ahaztuko. Eta gaur arte, denboraldi batzuk pasa dira sailkapenaren erdian amaitu duguna».

Bere ibilbide osoan bidelagun izan dituenak oso presente ditu. «Denboraldi bakoitza berezia izan da niretzat, gauza asko bizi izan ditut eta horietako bakoitzean izan ditudan taldekide eta entrenatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, beraien ekarpenari esker iritsi baikara Ohorezko Mailara», nabarmendu du.

Taldekideekiko miresmena igartzen da Araitzen hitzetan. «Guztien inguruan ditut gauza on asko esateko, baina horretarako hedabideak ez diren bide batzuk bilatuko ditut. Euretako askorekin bizitzako une ugari bizi izan ditut, asko sufritu dugu azken urteetan, baita barre asko egin dugu ere. Beste batzuekin ez dira hainbeste urte elkarrekin bizitakoak, baina denak ederrak izan dira». Jada taldean ez daudenak ere gogoan ditu: «Garaipen hau horiekin guztiekin gozatzea ikaragarria izan da. Eta baita aipatu ditudan urte horietan guztietan nirekin sufritu eta gozatu duten taldekide ohi guztiekin ere, noski».

Oviedon jokatutako partidetan zaleen berotasuna nabarmentzekoa izan zen, eta, ondoren, harrera beroa jaso zuten Zarauzko kaleetan. Estalkirik gabeko kamioian egindako ibilbidean, bizilagunen babesa gertutik bizi izan zuten. Horietarik asko umeak, etorkizuneko jokalariak. Urtiagak umiltasunez aztertzen duen egoera da hori: «Eredu edo ispilu deitzea gehiegitxo esatea dela pentsatzen dut. Eredua Zarauzko eskubaloia bera da, kluba osatzen duten partaide guztiak. Xume-xume ikaragarrizko lana eginez balore batzuk zabaltzen saiatzen gara eta horrek ere jendea kirol honetara lotzen laguntzen du». Hari horretatik tiraka, ondorengoa gehitu du: «Gu, azken finean, azken egunetan mediatikoki izan dugun oihartzunaren ondorioz, eredu hori argitara atera dugunak gara, eta oso harro gaude horrekin. Beraz, saiatuko gara horrek dakarren ardura hartu eta Zarauzko eskubaloiaren baloreak zabaltzen».

Lortutako arrakasta genero ikuspegitik ere nabarmentzen du: «Neska gazteei emakumezko kirola inoiz baino biziago dagoela erakustea lortu dugu eta horrela beraien jokatzeko gogoa handitu eta parekidetasunaren alde borrokatzeko beren grina handitzea espero dut».

Eskubaloia, osasuntsu

Datorren denboraldian hiru euskal talde izango dira espainiar Estatuko Emakumezkoen Ohorezko Mailan: Bera Bera, Zuazo eta igoera lortu berri duen Aiala Zarautz. Aurten, zilarrezko txapelketan, zortzi euskal talde egon dira eta berriki lehiatutako frantses Estatuko departamentuen arteko lehiaketan, Nafarroako taldea garaile suertatu da. Datuok euskal eskubaloiak bizi duen egoera osasuntsuaren seinale dira, bai behintzat egindako ahaleginari eta jokalari zein teknikarien lanari dagokionez. Zoritxarrez, ispiluak badu kontrako aldea ere, diru eskasian, bitarteko gabezian eta profesionaltasunera iristeko ezintasunean oinarritzen dena.

Errealitate horren jakitun, Urtiagak beste analisi bat mahaigaineratzen du, kirol talde batek bere ingurune hurbilarekiko duen harremanaren garrantzia nabarmenduz: «Kirola balore herritarra den heinean, herritarrek aukera gehiago dituzte parte hartu eta parte sentitzeko. Herri bati bertako herritarrez osatutako talde batek zirrara izugarria eragin diezaioke eta horrek indar berezia ematen du, oso garrantzitsua. Zarauzko eskubaloia horrelakoxea da, herritarra, eta horregatik lortu dugu herri bat atzetik izatea. Beraz, lorpen handiak eman ditzakeen beste kirol eredu bat posible dela pentsaraztera eramaten nau horrek».

Zarauztarrek jasotako laudorioak ez dira soilik etxetik iritsi, Oviedoko lauko finalaren amaieran, espainiar federazioko ordezkariek hitza hartu zutenean, «cuidar esa afición que es de oro» esaldiarekin Gipuzkoatik joandako jarraitzaileen portaera eta taldearekiko gertutasuna nabarmendu zituzten. Horiek horrela, Urtiagak berak ere honako mezu hau errepikatu nahi du: «Bihotz-bihotzez eskerrik asko denei. Denok gozatu ahal izan duguna izugarria izan da».

Aiala-Bera Bera derbiak

2015-2016 kirol sasoiko arreta-gune nagusietako bat Donostiako Bera Bera taldeak eta Aiala Zarautzek jokatuko dituzten derbiak izango dira. Orain arte, sarritan lagun arteko partidak lehiatu izan dituzte. «Euren aurka Ohorezko Mailan jokatzea inoiz imajinatu gabeko ametsa da. Urte asko daramatzagu lanean eta aurreneko aldia da horrelako zerbait lortzeko aukera dugula. Niri ez zaizkit urte asko gelditzen eskubaloian eta ez nuen inoiz imajinatuko horrelako urterik bizitzerik, ezta maila gorenean aritzeko aukera izango nuenik ere. Beraz, benetako zirrara sortzen dit horrelako talde baten aurka lehiatzeak».

Bidebieta auzoan jokatzen duen taldearen baitan, Eli Pinedo edo Matxalen Ziarsolo bezalako jokalari entzutetsuak daude, dirdira handikoak. Horiekin batera, Urtiagak, «bertan dabiltzan eta besteak bezala maila altua duten zarauztarrak» nabarmendu nahi izan ditu, «orain dela urte batzuk, gaztetxoak zirela, gurekin aritutakoak baitira». Urtiagaren hitzetan, «beraien aurka jokatzea oso berezia izango da».

Orain arte, azken kanporaketetan salbu, partida gehienak Euskal Herrian jokatu dituzte, edo Kantabria eta Errioxako taldeen aurka. Baina igoera erdietsi ostean, espainiar Estatuko klub ezberdinen aurka arituko dira zarauztarrak. Hortaz, bi asteburutatik behin bidaia luzeak egin beharko dituzte, ia guztietan –Kanariar uharteetara salbu– autobusez. Horrek jokalarien errutinak aldatuko ditu, baina ez bizimodua, lana edo ikasketak eskubaloiarekin uztartzen jarraitu beharko dutelako. «Ez dugu gehiegi hitz egin horren inguruan, egindakoaz gozatzen ari baikara oraindik. Badakigu egunerokoa berdina izango dela, ezin izango baitugu gehiegi aldatu. Gainera Zarauzko kiroldegiko pista beste talde askorekin elkarbanatu behar dugu eta horrek ere entrenatzeko aukerak mugatzen ditu».

Desplazamenduei dagokionez, mentalizatzen hasita dira: «Aurretik ere ibiliak izan gara espainiar Estatuan barrena. Baina orain, bi astetik behin bidaia luzeak egitea egokituko zaigu. Badakigu neketsua izango dela. Beraz, nik uste dut hasieratik kontziente izan behar dugula horrek dakarrenaz, eta jakin ez dugula ezer galtzeko; horrela lortzen dugun txikiena ere gozatzen ikasiko dugu».

Euskal kirolak emakume izena du

Azken urteetan, hainbat dira kirol arloan nabarmentzea lortu duten euskal emakumezkoak. Taldeka, Athletic futbolean, Reala belar hockeyan, Gernika saskibaloian, Bera Bera, Zuazo edo Aiala Zarautz eskubaloian. Bakarka, berriz, ezagunak dira Edurne Pasaban, Maialen Chourraut, Maider Unda, Lara Arruabarrena, Leticia eta Loiola Canales ahizpak, Beatriz Rekari, Carlota Ziganda edo Ophelie Aspord. Eurak izan dira oro har emaitzarik onenak lortu dituzten euskal kirolariak. Baina, sarritan, lortutako errendimenduak ez du behar bezalako tokirik hedabideetan edo diru irabaziei dagokionez. Horren inguruan galdetuta, Urtiagak argi du: «Titularrak eta fokuak emakumeen kasuan errazegi itzaltzen dira. Hala ere, desoreka hori kirolaz harago, eguneroko bizitzan bizi dugu. Kirolean deigarri gerta daitekeen arren, horri buelta emateko kirolaz harago joan behar da. Jendarte parekide bat lortu behar da, eta, horretarako, erroko aldaketa bat ezinbestekoa da». Irakurketa kritiko horri segika, Aiala Zarautz taldeko jokalariarentzat, «garrantzitsua da esparruz esparru, kirolean ere, aldaketak ematen hastea eta desoreka horrekin puskatzen hastea. Horregatik, lehen kirol eredua zalantzan jarri dudan bezala, dugun herri eredua ere eraldatu behar dela diot, arazoak bere horretan iraun ez dezan».

Jakitun da uneotan olatuaren aparrean daudela, baina itzaleko lana izan da eurena. «Goi mailako izarrak izan arren, kirolaz bizi diren emakumeak oso gutxi dira gizonezkoekin alderatuz gero. Hortik hasita argi geratzen da zein den egoera. Baina desberdintasun hori ezin da egunerokoan bizi dugunetik bereizi. Egunerokoan emakumeen kalitatea zalantzan jartzen da edota zuzenean gutxietsi egiten da».

Bi aste igaro dira igoera eskuratu zutenetik, eta, «egunen joan-etorriak, lortu dugunaz kontziente egiten zaitu. Hala, gauza ikaragarria egin dugun sentsazioa goraka doa nire barnean. Zailtasun eta zapalketa guztien gainetik lortutakoak are eta balio handiagoa duelako».

Kantxatik at, oinak eta burua lurrean ditu Araitz Urtiagak, gertu, adi, errealitateari atxikita. Pistan, aldiz, urritik aurrera, eskuak eta gorputza izarren artean izango ditu, eurekin lehian, istorio eta eredu ezberdin bat idazten jarraitzeko prest. Datorren denboraldian, ez galdu Aiala Zarautz taldeko “11” zenbakiaren pista! •