Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Mar Larrea
Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Familia eder bat eratu dugu eta horri esker gaude gauden lekuan»

Arraun Lagunak-ek bere historiako laugarren Euskotren Liga irabazi du aurten eta laugarren Kontxa irabazteko prest dago. Hala adierazi du Mar Larreak (Ondarroa, 1994), taldeko kapitainak, NAIZi eskainitako elkarrizketan. ‘Lugañene-k’, gainera, ez du sailkapen estropada jokatu behar, lehen aldiz.

Mar Larrea, Donostiako portuan.
Mar Larrea, Donostiako portuan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Getarian Euskotren Liga bukatu zenetik, entrenamenduetan buru-belarri dabil Arraun Lagunak. Liga garaikurra poltsikoan eta Kontxarako sailkapena esku artean –araudia aldatu zuen Udalak eta ligako ontzi donostiar onena sailkatu da Donostiako estropadarako–, Mar Larreak orain artekoa aztertu du. Eta ez du zalantzarik: «Sekulako urtea izan da».

Hirugarren urtez jarraian irabazi dute liga erregularra –laugarrena, orotara– eta Kontxa irabaztea daukate begi artean. Denboraldiaurre gogorra igaro ostean, punturik gorenean daudela uste du ondarroarrak eta emaitzek ere hori  diote: Zarauzko estropada eremuko errekorra hautsi zuten, azken zortzi banderetatik zazpi astindu dituzte... Taldeak daukan «gose aseezinaz» mintzatu da, baita ‘Lugañene’-n eraiki duten familiaz ere.

Zer moduz bukatu duzue Euskotren Liga?

Oso ongi bukatu genuen. Azken estropadak ihes egin zigun. [Juan Mari] Etxabek esan zuen moduan, erlaxatze bat egon zen, liga jada bereganatuta genuelako. Prest gaude Kontxarako, Zarautzen ere estropada eremuko errekorra hautsi genuen, zortzi bandera jarraian irabaztetik iritsi Getariari... Ni horrekin geratzen naiz. Sekulako urtea izan da. Gure bigarren urterik onena izan da, iazkoa hobetzea ezinezkoa baitzen. Oso pozik gaude, ze taldea oso bizirik dago.

Orion galdu zenutenean, Ane Sanchezek ETBn onartu zuen min eman zuela horrek. Geroztik, baina, taldea ez da hondoratu. Minetik hauspotzen da Arraun Lagunak?

Orioko estropada orokorrean baloratuz gero, kaleen artean sekulako diferentziak egon ziren. Laugarren kaletik joan ginenok oso estropada txarrak egin genituen. Lehendabiziko luzean jada minutu erdiko diferentziak egon ziren. Jokatu egin behar dira kaleak, eta kale txarrak ere egon egin behar dira. Inflexio puntu bat izan zen. Liderraren maillota galdu genuen, kasik hiru urtez gurekin eduki ostean. Horrek gehiago lagundu zigun taldearengan konfiantza izateko orduan eta indar handiagoa hartzen. Donostian ere gaizki ibili ginen eta hirugarren geratu ginen. Taldeak gora egin zuen, bai, baina gehienbat prestaketagatik. Gure prestatzeko eredua abuztuan nabarmentzen dugu eta aurten ere horrelaxe izan da. Uztail amaieran eta abuztuan Arraun goian egon da eta beste taldeekiko diferentziak areagotu dira.

Prestaketa hau, abuztuan indartsuen egotekoa, Kontxarako izaten da gehienbat? Etxaberen berezitasun bat da?

Gure prestatzaileen gauzak izaten dira. Denboraldia hasten denean beti esaten dute gure taldea ez dagoela %100ean, baizik eta uztail bukaeran iristen dela bikaintasunera, abuztuan ongi eutsi eta Kontxan errematatzeko. Liga bukaerari eta Kontxara begira izaten da prestaketa, gure bi helburuak horiek irabaztea izaten delako.

«Gure bigarren urterik onena izan da, iazkoa hobetzea ezinezkoa baitzen. Oso pozik gaude, ze taldea oso bizirik dago»

Hirugarren urtez jarraian liga eta Kontxa irabaz ditzakezue. Ez da marka makala.

Denok nahi dugu biak irabazi. Behin liga irabazita, erregulartasun eta konstantziaren saria dena, Kontxarako faboritoak gara eta zerbaitegatik da. Ikusiko dugu igande honetan zer gertatzen den.

Gainera, lehen aldiz, iganderako zuzenean sailkatuta zaudete. Uste duzu orain arteko gabezia bati erantzuna eman zaiola araudi aldaketarekin?

Nire zortzigarren urtea da Arraun Lagunak-en eta beti jokatu dut sailkapen estropada. Aurreko araudiarekin ere ez nengoen ados eta honi ere punta atera dakioke. Egia da denboraldi hasieratik zehaztu zela ligako ontzi donostiar onena sailkatuko zela zuzenean Kontxara. Guk bagenekien Donostiarrak baja asko izan zituela eta, ezusteko handirik ezean, gurea izango zela. Ados nagoen edo ez, uf... Aurrekoarekin ere ez nengoen ados. Hala ere, gutxika-gutxika uste dut garatzen joango dela eta aldatzen joango dira.

Gainera, Donostiarra egoera kritikoan dago. Sailkapen fasea jokatu beharko du eta borroka egin beharko du, barruan egon nahi baldin badu.

Bai, oso zaila dauka. Gehienbat goiko taldeak oso ondo daudelako eta Donostiarrak baja asko izan dituelako. Pena ere badaukat. Aurreko urtean bi ontzi donostiarrak geratu ginen lehen eta bigarren, eta Donostiako bi talde sailkapenaren goialdean egotea handia da. Aurten beste egoera bat da eta zorte onena opa diet.

Oro har, nola baloratzen duzu aurtengo Euskotren Liga? Oriok izan zuen bolada on bat, baina abuztuan behera egin du; Tolosaldeak bere lana bete duela esango nuke... Hondarribiak maila galdu du, Donostiarrak play-out jokatu beharko du. Izan da gorabeherarik.

Aurreko urtetik hona aldaketa asko egon dira. Orio oso indartsu hasi zen. Guk liga aurreko txapelketetan apenas ikusi genuen, Gipuzkoakoan ez zitzaizkien gauzak ongi atera eta hilabete osoan desagertuta egon ziren. Zenbaitentzat Tolosaldea gure aurretik zen faboritoa eta nik gehiago espero nuen Tolosaldearengandik. Ikusi dut maila baxuagoa eman dutela baina, tira, beraiek pozik daudela diote eta bi bandera irabazi dituzte, gainera. Oriorengandik gutxiago espero nuen eta uztail oso ona egin zuten. Azkenean hirugarren postuan geratu dira, Tolosaldearekin berdinduta.

Zuentzat bi aurkari hor egotea, lehendabizi Orio eta gero Tolosaldea, aberasgarria izan da, ezta?

Hiru talde borrokan egotea, gaur batek irabaztea, bihar besteak... Horrek ikuskizuna ematen du. Horrek gu ere behartzen gaitu entrenamenduetan gehiago estutzera. Nik nahiago nuke aurreko urtean bezala bandera guztiak irabaztea, baina ez da erreala. Ikuskizun polita eman dugu.

Etxabek esan du iaz baino azkarrago ibili zaretela. Ez dakit zerikusirik daukan aurkariek  ere gehiago estutu izanak.

Bai, aurtengo trainerua azkarrago ibili da. Ez dugu izan aukera gehiegirik errekorrak egiteko, horretarako baldintza konkretu batzuk egon behar direlako eta ez dira egon. Taldeak bi baja garrantzitsu izan zituen; hiru, patroia kontuan hartuta [Andrea Astudillo], baina etorri den jendeak urrats handia egin du, bai eta aurreko urtetik jarraitzen genuenok ere. Datorren urtean are eta azkarragoak izateko gai ere izan gaitezke.

«Dena irabazten duzunean, bandera bat gutxietsi egin dezakezu, baina gure kasuan ez, gehiago nahi dugu eta etortzen den jende berriari hori erakusten saiatzen gara»

Dena irabazi duen traineru batek non edo nola topatzen du motibazioa?

Etxabek sekulako garrantzia dauka. Entrenamendu guztiak oso garrantzitsuak dira. Gure prestatzaile fisikoak erakutsi digu egiten ez den entrenamendu bat galdutako entrenamendu bat dela. Gure artean elkar hauspotzen dugu eta gure taldeak gose handia dauka. Laugarren Kontxaren bila goaz? Laugarren Kontxaren bila goaz. Pentsa, aurrekoan atera zen bakoitzak zenbat Euskotren Liga garaikur daukan: San Juanek bost, Oriok hiru eta Arraun Lagunak-ek, lau. Eta esan genuen denon artean, ‘orduan ze, seigarrenaren bila?’ Bosgarrenaren bila ez; seigarrena! Mentalitate hori daukagu, bestela ez luke  funtzionatuko. Azken finean, dena irabazten duzunean, bandera bat gutxietsi egin dezakezu, baina gure kasuan ez, gehiago nahi dugu eta etortzen den jende berriari hori erakusten saiatzen gara. Denok gaude engantxatuta eta aldagelan pike sanoa sortzen da.

Denak erritmo altu horretara katigatuta egoteko, harreman sanoa izan behar duzue. Bestela, haserretzea erraza izan daiteke.

Bai, baina denok daukagu buruan albokoak norberak baino zenbaki hobeak baldin baditu denontzat hobeto izango dela. Denok goazelako traineru berean. Astean sei ordu pasatzen ditugu elkarrekin; bi ordu entrenatu, baina gero kafea hartzen dugu elkarrekin. Denok gaude konektatuta eta familia eder bat eratu dugu. Horri esker gaude gauden lekuan. Denok balio dugu parranda bat egiteko, oporretara joateko...

Aurten denboraldiaurre gorabeheratsua izan duzue, Andrea Astudilloren kasua dela-eta. Zu tartean egon zara. Horrek nola eragin du?

Oso figura garrantzitsua izan da. Denboraldia hasi baino lehen nik banekien zer gertatzen ari zen. Nire laguna da eta niri gogorra egin zitzaidan traineruaren popara begiratu eta bera ez egotea. Joana [Halsouet] ezagutzen genuen lehenagotik, 2023an egon zen gurekin erramutan, sekulako harremana egin genuen eta banekien funtzionatuko zuela. Inor ez da ezinbestekoa. Etxabek asmatu egin zuen Joanarekin, ze burugogorra da, irekia da, ikasteko prest dago, laguntzeko ere bai... Arraunlari izandakoa da eta badaki gu nola estutu. Aldaketa positibo edo negatiboa izan den ez nuke esaten jakingo; ezberdina izan da eta egokitu egin gara. Bigarren patroi onena izan da Joana, gainera.

«Oso figura garrantzitsua izan da Andrea Astudillo. Niri gogorra egin zitzaidan traineruko popara begiratu eta bera ez egotea. Hala ere, Juan Mari Etxabek asmatu egin zuen Joanarekin [Halsouet]»

Gainera, oso egoera zaila izango zen berarentzat ere.

Bai, beldur handia zeukan. Andrearen patroitzan mugitu da Arraun Lagunak hamar urtean. Horren ostean bera iristea, talde txapeldun batera, helburua liga eta Kontxa irabaztea daukana... Ikusi zuen taldeak berarengan konfiantza handia zeukala eta horrek indar handia eman dio.

Tolosaldean ere izan duzu beste lagun handi bat, Nagore Osoro.

Bai, nire kuadrillakoa da, baina ez dugu arraunaz hitz egiten. Niri gustatuko litzaidake Nagore Arraun Lagunak-era etortzea baina, tira, badakit bere egoera zein den eta guk gure patroiak baditugula. Ez dut baztertzen denboraldi bat berarekin egitea.

Zortzi urte daramatzazu Arraun Lagunak-en; dagoeneko donostiartuta ere bai. Denetik bizi izan duzu ‘Lugañene’ ontzian eta azken urteetan figura garrantzitsua izan zara.

Donostiartuta ez; ez dadila entzun hau Ondarroan [barrez]. Baina bai, eta, hain justu, argazki bat daukagu Arraun Lagunak-ekin lau ligak irabazi ditugunok: Xubane, Lorea, Aiora, Ane eta ni. Traineruko enborra ere hortik abiatzen da, baina irits daiteke eguna jada ez duguna emaitza bera emango. Gure tokia egin dugu eta zortea ere izan dugu: eta lana ere egin dugu. Etxabek ez du ezer oparitzen, eta horrek ere lasaitasuna ematen dit, ikusten dudalako nigan konfiantza duela eta jakingo dudalako noiz ez duen egingo. Uste dut aipatu bost pertsonok pisu handia daukagula taldean, beteranoak garelako. Askotan ez da indarra soilik, baizik eta pertsona horrek zein ekarpen egiten duen traineruan.

Ondarroarrak poztutzeko galdera, Ondarroako bandera irabazi zenuten, 2022tik ez zenutela lehiatzen eta 2018tik irabazten ez zenutela. Bandera garrantzitsuena izan da?

Ikaragarria izan zen. Bandera bakarra eskatzen nuen denboraldi honetan. Azken unean irabazi genuen eta sekulako poza hartu nuen, oso polita izan zen. Gainera, liga borobiltzeko bandera izan zen.