Naiz.info
Baiona

Aurore Martinen askatasuna galdegin dute Baionako suprefeturaren aurrean

Bake Bideak deituta, ehunka lagun bildu dira, tartean alderdi guztietako hautetsiak, Baionako suprefeturaren aurrean Aurore Martinen berehalako askatasuna eskatzeko.

Alderdi guztietako ordezkariak, suprefeturaren aurrean egindako elkarretaratzean. (@laurenceSG)
Alderdi guztietako ordezkariak, suprefeturaren aurrean egindako elkarretaratzean. (@laurenceSG)

Ehunka lagunek erantzun dute iragan larunbatean Bake Bidea mugimenduak eginiko deialdiari. 13.30ean Baionako suprefeturara hurbildu dira Aurore Martinen askatasuna galdegiteko, eta baita Gobernu frantsesari bake prozesuaren aldeko engaiamendua hartu dezala eskatzeko.

Antolatzaileak beren mezua suprefetari helarazten saiatu dira hasiera batean, baina Poliziak bidea itxi die hautetsiei.

Colette Capdevielle diputatu sozialistak atarian irakurri behar izan du mezua. Irudiak benetan esanguratsuak eman dituzte Twitter bidez @Amaia_Cazenavek eta @Laurence_Hardouin-ek.

Azken unean, ordea, bederatzi hautetsiz osaturiko ordezkaritza anitza bezain zabala suprefeturan sartu da François Hollande presidente frantsesari igorritako eskutitza uzteko.

Aurore Martinen atxiloketak eta Espainiaratzeak erreakzio soka luzea sortu du azken egunetan Ipar Euskal Herriko alderdi politikoetako ordezkarien artean. Estatu frantseseko komunikabideetan ere harrabotsa eragin zuen albisteak.

Martin pasa den ostegunean atzeman zuen Polizia frantsesak Maulen, eta Estatu espainolaren esku utzi Biriatun, ordu batzuk beranduago.

Biharamunean epailearen aurrean deklaratu zuen politikari independentistak Madrilen, eta espetxeratua izan zen ondoren.