
Antton Valverdek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariez lagunduta.
Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 30, jarriko dira salgai, goizeko 11.30ean, 20 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako Epaimahaiak 2025eko Adarra Saria Antton Valverderi ematea erabaki du.
Epaimahaiak Valverdek euskal kantagintzan izandako eragina nabarmendu du, aintzat hartuta artista donostiarrak zer nolako eragina izan duen «herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz».
«Kantagintzarekin zorra»
«Aitortu behar dut kantagintzarekin zor handia daukadala. Kantagintzak eman dit Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera. Eta batez ere, jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta horrekin harro nago. Zerrenda egiten hasiko banintz, ez genuke momentu batean bukatuko. Denontzako nere esker ona, eta gaur, bereziki, sari hau ematea erabaki duten Donostia Kulturako arduradunentzako». Hauek Valverdek egindako adierazpenak sariaren berri izan ondoren.
NAIZi 2020an eskainitako elkarrizketan bere ibilbidea eta Xabier Leterekin izandako harremana eta lankidetza aletu zituen.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays eta Errobi taldeek jaso dute Adarra Saria.

«Detrás de cualquier lujo hay un crimen»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

El cantante estadounidense y exmarine Zach Bryan se casa en la Parte Vieja donostiarra

Edinburgoko Hogmanay jaialdiak euskaraz kantari agurtu du urte berria
