Manex Altuna

Etorkizunari baikortasunetik begiratzeko golak eta zenbakiak Athleticen

Europako postuetarako lehian sartzeko partida gehiago irabaztea eta akats larriak ekiditea jarraitzen dute izaten Marcelinoren taldearentzat erronka nagusiak. Hala ere, gazteek emandako aurrerapausuarekin batera itxaropena pizten duten zenbait datu kontuan hartzeko modukoak dira.

Sancet gero eta hobeago moldatzen ari da Marcelinok eskatzen dioenari. (@AthleticClub)
Sancet gero eta hobeago moldatzen ari da Marcelinok eskatzen dioenari. (@AthleticClub)

Marcelinok jokalariekin haserre amaitu zuen Osasunaren kontrako derbia. Budimirrek azken minutuetan egindako gola burutik ezin kendu atera zen komunikabideen aurrera partida ostean. Jokaldia errepasatuz gero, agerian geratzen da Athleticen defentsak goitik behera kale egin zuela. Aulkitik ere ez ziren zuhur ibili Enric Gallego sartu zenean jokalariak ohartarazteko orduan.

Izan ere, erdiko hirugarren aurrelaria atera zuen Arrasatek eta zelaian erasoko jokalariak diren Jony eta Ruben Garcia zeuden. Marcelinok ez zituen aldaketak agortu eta bere apustua zelai erdia eta aurre aldea indarberritzea izan zen. Atzeko lerroa ukitu gabe mantendu zuen eta eskubiko hegalean hutsunea aurkitu zuten nafarrek.

Ibaik ez zuen ondo neurtu presioa, De Marcos Jonyren bila atera zen eta Ruben Garcia bere bizkarrean kokatu zen eta Unai Vencedor ez zen bere atzetik joan. Mugimendu horrek Nuñez eta De Marcos bera nori jarraitu jakin gabe geratu ziren eta Jonyk baloi bikain bat bidali zuen sakonean. Nuñez lekuz kanpo, Iñigo Martinez ez zen iritsi Gallegoren erdiraketa oztopatzera eta Budimirrek aurre hartu zion Balenziagari.

Osasunako jokalarien meritua izan zen gola, baina akatsak bata bestearen atzetik egin zituen zuri-gorrien defentsak eta Marcelino minduta agertu zen agerraldian. Nafarren lehen golean ere Nuñezek eta Simonek erraztasun gehiegi eman zizkioten Darkori. Antzekoa gertatu zen Valladoliden kontrako berdinketan. Markagailuan irabazten jarri eta azken minutuetan presiorik gabe erdiratzen utzi ziotenean aurkariari.

Marcelinok argi eta garbi esan zuen opari horiekin ezinezkoa dela Europarako postuetan sartzeko lehian egotea. Betisen eta Granadaren arteko partidaren faltan, matematikek aukerak dituztela erakusten duten arren. Hainbeste berdinketa errenkadan lortzeak etsipena eragiten du zuri-gorriengan. Hamar partidetan puntu bakarrarekin konformatu behar izan dira entrenatzaile asturiarra iritsi zenetik.

Egia da partida horietako gehienak irabaztetik gertu izan dela Athletic. Gainera, bitan izan ezik, markagailuan aurreratu dira. Golak egiteko izandako zailtasunak gainditu dituztela nabarmendu zuen entrenatzaileak, gogora ekarriz etxeko azken hiru partidetan sei gol egin dituztela.

Sailkapen nagusiari begiratuz gero, 46 gol egin ostean Ligako zortzigarren taldea dira Valentziarekin berdinduta. 41 egin zituzten aurreko urtean Garitanorekin, beraz hobekuntza bat eman dela esan daiteke. Jasotakoak berriz, 38 dira. Iazko denboraldi osoan jasotako berberak, hiru partida faltan. Ligako sei talde onenen artean daude.

Alde eta kontrako golen ezberdintasunarekin sailkapen bat eginez gero, Athletic Ligako zazpigarren tokian kokatuko litzateke. Eta datu baikorrekin jarraitzeko, azpimarratu beharra dago bigarren itzulian partida bakar bat galdu duela. Bartzelonaren kontrakoa Camp Noun, hain zuzen ere.

Horrek ez du kentzen Marcelinoren Athletici erregulartasun handiago bat lortzeko puntu bat falta zaiola. Kolpe latzak jasan zituzten Kopako finaletan, baina dagoeneko burua altxatzea lortu dute. Albiste pozgarrien artean ezin ahaztu jokalari gazteek emandako aurrerapausua. Izen propioak aipatzekotan Osasunaren kontra golak egin zituzten Sancet eta Morcillo daude. Villalibrek eta Vencedorrek ere erakutsi dute maila ona eman dezaketela eta taldeari lehiakorrago izaten lagundu.

Liga amaiera hau aurredenboraldi bat bezalakoa izaten ari da jokalari hauentzat eta bere aukera baliatzen ari dira. Sarri hasieratik aritu diren beste batzuk baino maila eta energia gehiago erakutsiz. Minutuen banaketa aproposago batean hobeago asmatzean ere egongo da etorkizun hurbilerako beste gakoetako bat.