NAIZ

Gernika-Palestina sareak su-etena «sakoneko arazo politikoari» heltzeko baliatzeko deia egin du

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak Gazako su-etenaren balorazio positiboa egin eta «sakoneko arazo politikoari heltzeko» eta krisi humanitarioari aurre egiteko balia dadila eskatu du. Nazioarteko komunitatea erantzule jo eta elkartasun aktiboa mantentzeko deia ere egin du.

Gazan hildako haurren omenezko mobilizazioa, 2024ko abenduan Iruñean.
Gazan hildako haurren omenezko mobilizazioa, 2024ko abenduan Iruñean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak positibotzat jo du Gazako su-etenaren hasiera, baina tentuz ibiltzeko deia ere luzatu nahi izan du.  Prentsara bidalitako ohar batean, nabarmendu du Palestinako herriak «itxaropenez» jaso duela, bonbardaketa gehiago jasan eta minutu gutxira, Israelgo Gobernuak eta ordezkaritza palestinarrak adostutako su-etena. «Zuhurtasunez, horrelako akordioen hauskortasun historikoa dela eta, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak su-etenaren hasiera txalotzen du», adierazi du.

Zuhurtzia horren ildotik, orain artekoaren balantzea ere egin dute. Gogora ekarri dutenez, gutxienez 46.500 palestinar hil dira, horiek dira «genozidioaren fase honen biktimak, izen-abizenak dituztenak». «Zerrenda ia erabat suntsitu da, Gazara 80.000 tona lehergai jaurti ondoren, nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin», ohartarazi dute, eta eremua berreraikitzeko «hamarkadak» beharko direla nabarmendu dute.

Egoera horren aurrean, elkarrizketarako eta negoziozaiorako garaia dela aldarrikatu dute, eta gakoa «sakoneko arazo politikoari» heltzea dela ziurtatu dute, hau da, «palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea».

Epe laburrean, baina, krisi humanitarioari aurre egiteko beharrean jarri dute arreta. «Palestinarekiko elkartasuna aktiboki mantentzeko irekitzen ari den balizko berreraikitze prozesu honetan, eta nazioarteko komunitatea erantzule egiteko, benetan inplika dadin, irtenbide iraunkorrak bilatzen eta, batez ere, lehendik dauden ebazpenak eta etorkizunean hartuko direnak betetzen», aldarrikatu dute.