
Lakuako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur aurkeztu du EAEn eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua, Etxebizitza Eskubideari buruzko Estatuko Legean zehaztutako irizpideetan oinarrituta. Txosten horrekin batera, informazio kanpaina bat eta webgune berri bat abiarazi dira, herritarrei horrelako arloetan maizter edo jabe gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri emateko.
Txostenean tentsionatu izendatzeko legez ezarritako hiru irizpideetako bat gutxienez betetzen duten 32 udalerri identifikatu dira: alokairu edo salerosketa prezioen igoera handia, edo familia errentaren %30etik gorako ahalegin ekonomikoa. Udalerri horiek 1,48 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituzte, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleriaren %67,3. Kalkulu hori egiteko, udalerri «tentsionagarrien» zerrendan sartu dira dagoeneko izendatu direnak edo izapidetze prozesuan daudenak: Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao (2. barrutia), Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lezo.
Txosten eguneratuak 2024aren amaierara arteko datu ofizialak jasotzen ditu, alokairu eta salerosketa prezioak eta ahalegin ekonomikoaren maila barne, «autonomia erkidego osoan metodologia zorrotz eta komuna aplikatuz». Araban, Gasteiz da hiru irizpideak betetzen dituen udalerri bakarra; Bizkaian, Bilbo, Basauri, Portugalete eta Santurtzi nabarmentzen dira, eta Gipuzkoan, Pasaia, Zarautz, Hondarribia eta Orio.
Batzuk sartu, besteak atera
Txosten berri horrek adierazten du Araban Dulantzi udalerria bizitegi tentsionamenduko egoeratik aterako litzatekeela.
Bizkaian, Bermeo partzialki tentsionatua izatetik osorik tentsionatua izatera igaroko litzateke; gainera, eremu tentsionatu izenda daitezkeen udalerrien zerrendan sartu dira Derio, Gorliz, Elorrio, Lekeitio, Ermua eta Sopela. Hala ere, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txosten berri horren arabera, Etxebarri, Ortuella, Gernika-Lumo eta Trapagaran bizitegi alokairuaren egoera tentsionatutik aterako lirateke.
Azkenik, Gipuzkoan ere aldaketak identifikatu dira. Zarautz partzialki tentsionatua izatetik erabat tentsionatua izatera igaro da, eta, gainera, zortzi udalerri tentsionagarri berri sartu dira: Bergara, Legazpi, Deba, Oiartzun, Getaria, Oñati, Hondarribia eta Orio. Hala ere, beste sei herrik galduko lukete kalifikazio hori: Andoain, Ordizia, Beasain, Urnieta, Lazkao eta Zestoak, hain zuzen ere.
«Euskal eredua»-ren alde
Itxasok «euskal eredua» aldarrikatu du ikuspegi berezi eta itundu gisa, zerga ereduekin kontrastean: «Eusko Jaurlaritzak eremu tentsionatuak izendatzeko eredu bat aukeratu du, udalekin egindako itunean oinarritua, eta udalok dira hiru urteko ekintza plan bat egiteko arduradunak. Plan horren helburu nagusia babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu erregimenean eraikitzen laguntzeko». Nafarroan, berriz, Maria Chiviteren Gobernuak hartu du legeak aurreikusten dituen neurriak ezartzeko ardura.
EAEn berriz, Itxasok gaineratu duenez, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak «udalei eskatzen die lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko, horiek gabe zaila izango bailitzateke tentsionamendutik ateratzea».
Sailburuaren arabera, ikuspegi horrek «beharrezkoak ez diren konfrontazio juridikoak saihesten ditu, eta etxebizitzako politika kooperatibo eta eraginkorra eraikitzea ahalbidetzen du».
«Udalekin filosofia bat partekatzen dugu, bizitegi merkatuan estres egoera horretatik lehenbailehen ateratzeko helburuan oinarrituta. Eremu tentsionatuen izendapenak udalei beren borondatearen gainetik ez inposatzeak auziak eta segurtasun juridikorik eza saihesten ditu, eta herrialdearen konpromiso sendo eta partekatuaren irudia ematen laguntzen du», azpimarratu du Itxasok.
Eremu tentsionatu izendatzeak atea irekitzen die etxebizitzaren arloko politika publikoaren esku-hartze espezifikoei, «tentsionagarri» gisa identifikatutako udalerrientzat. Ildo horretan, «Eusko Jaurlaritza lege erreformak sustatzen ari da, eremu tentsionatuaren figurari irismen handiagoa emateko. Gaztelagun edo Bizigune bezalako programak, Erabilera Turistikoko Etxebizitzak mugatzea, eremu tentsionatuaren figurari indexatuta egon ahal izango dira, Jaurlaritzak premiazko neurrien dekretu bat izapidetzen duen bakoitzean eta talde parlamentarioekin lankidetzan aritzen den bakoitzean figura horri ibilbide luzeagoa emango dioten lege erreformak lortzeko», nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.
Bere jarduna amaitzeko, balioan jarri du honako hau: «Hiru euskal lurraldeetako Batzar Nagusiek onartu berri duten zerga erreformak eremu tentsionatuaren figura hartu izana etxebizitzak alokairu merkatura ateratzen dituzten jabeentzako pizgarriak hobetzeko irizpide gisa».

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba



