Euskal selekzioarekin jokatzeko ametsa, «ohore» bilakatuta
Euskal Selekzioak debuta egingo du gaur Nazioen Ligan, ofizialki jokatuko duen lehen nazioarteko txapelketan. Egun historikoa izango da, eta protagonistak ilusioz beterik daude. Sentitzen duten presioa ere onerako izango dela sinetsita daude, zaleen hauspoa izugarria izango delakoan.

Ilusioa ezin ezkutatuta entseatzen dabiltza Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti, Unai Lekerikabeaskoa, Imanol Lopez, Helena Barrenetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxea batu dira bertan, azken asteetako ekitaldi eta aurkezpenetan, praka motzak jantzi eta txapelketari tonua hartzeko asmoz. Pilotako Euskal Selekzioak debuta egingo du nazioarteko txapelketa ofizial batean, Nazioen Ligan. Azken urte eta hilabeteetako «lan handiaren» fruitua dela iritzi dio Aldazabalek, eta hau ibilbidearen hasiera besterik ez dela: «Hemendik aurrera zesta-puntako nazioarteko txapelketa guztietan Euskal Selekzioa egotea, bere lekua edukitzea eta, ahal bada, tituluak irabaztea Euskadiren izenean... gauza handia da, ondo etorriko da».
Momentuz lasai daude, baina «Euskal Selekzioaren koloreak jantzi, kantxaratu eta ikusten dugunean nolako giroa egongo den, ba, seguru agertuko dela urduritasuna», dio Lekerikabeaskoak. Gernikarrak etxean jokatuko du: «Hemen hasi nintzen 10 urterekin, eta 20 urte geroago, Gernikan, herriaren aurrean Euskal Selekzioarekin jokatzea oso polita da».
Lekerikabeaskoa: «Gernikan, herriaren aurrean Euskal Selekzioarekin jokatzea oso polita da»
Duela hiru urte Biarrizko Munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin aritu ziren Aldazabal eta Lekerika –urrea eta zilarra irabazita–, orduan Euskal Selekzioaren atea ireki gabe baitzegoen. Orain ez dute zalantzarik egin norekin jokatu. Berriatuarrak kontatu du azken Munduko txapelketan bilera batzuk egon zirela eta gaur egun errealitatea den ofizialtasuna forma hartzen hasi zela.
Gernikarrak, duela urte batzuk, ezinezko ikusten zuen Euskal Selekzioarekin txapelketa ofizial bat jokatzea, baina abenduan, Nazioarteko Federazioaren ezohiko batzarrean bozketa positiboa izan zitekeela iragartzean, itxaropena berpiztu zitzaion: «Bozketa aurrera atera zen, eta sekulako poza hartu genuen. Urrats hori eginda, jokatzeko aukerarik edukiko ote genuen pentsatzen hasi ginen, eta, begira, atera da. Oso eskertuta gaude».
Lehia gogorra
Aipatutako puntista hauek izango dira aurrenekoak pilotako Euskal Selekzioarekin nazioarteko txapelketa ofizial bat jokatzen. Presioaz itaun egindakoan, Aldazabalek argi dauka ez dela «presio txarra». Ez dut uste inori ezer zor diogunik. Jendeak historikoki eskatzen zuen aldarrikapen bat da, eta hemen ikustea denak Euskal Selekzioa animatzen, honen atzetik egin den lan guztiaren ondoren... presio hori gure onerako izango dela uste dut».
«Ohore» bat da Lekerikarentzat: «Hurrengo belaunaldiek bidea eginda edukiko dute, eta gauzak errazago izango dira. Ze oraindik ere badaude ika-mika batzuk beste federazio batzuekin. Denborarekin normalizatzen joango da».
Izan ere, Euskadiko Federazioa Nazioarteko erakundean onartua izan eta segituan, helegitea jarri zuen Federazio espainolak, eta Nazioen Liga bertan behera uzteko eskaera ere egin du txapelketaren atarian, Kirola Arbitratzeko Epaitegiak aipatu helegitea ebatzi bitartean jokatu ezin dela adierazita. Azkenean lehiatu egingo da, ez aurkezteak zigorra eta 2026an Argentinan jokatuko den Munduko txapelketatik at geratzea ekarriko liokeelako.
Aldazabal: « Jendeak historikoki eskatzen zuen aldarrikapen bat da, eta hemen ikustea denak Euskal Selekzioa animatzen... presio hori gure onerako izango dela uste dut»
Ikusmin handia sortuko du Euskadiren debutak; alde batetik, gizonek zein emakumeek Frantziaren aurka jokatuko dutelako eta, beste alde batetik, etzi, Euskal Selekzioaren eta Espainiaren arteko lehia hartuko duelako Jai Alaik. Norgehiagoka gogorra espero da partida horietan. Frantziarekin Ipar Euskal Herriko puntistak deituta daudelako –goi mailakoak, Jai Alai Ligan dabiltzanak– eta Espainiarekin Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek jokatuko dutelako, une honetan koska bat gainetik dauden pilotariak –Lur Lejardik eta Gisela Ucls-ek osatuko dute deialdia–. Gizonezkoetan Erik Mendizabalek, Cosme Agirrek, Gorka Mugartegik eta Ruben Bailo noaindarrak jokatuko dute.
Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren borroka honetan geratzen da zer aldarrikatu oraindik ere. Esaterako, Nafarroa eta Bidasoaz iparraldeko puntistek Euskal Selekzioarekin jokatzeko dituzten oztopoak aztertu eta aterabidea ematea. Egun, EAEko pilotariek osatutako selekzioak jokatuko du Nazioen Ligan, eta Jose Mari Mitxelena Federazioko presidenteak ere onartu du erronketako bat dela.
Epe motzeko erronka, hala ere, urrea irabaztea dute. «Badakigu ez dela erraza izango. Beste pare bat selekzio indartsu daude, Estatu Batuak (tartean Sorozabal anaiak) eta Frantzia. Gurekin jokatzen ari dira Jai Alai Ligan, eta bikote indartsuak dira», dio Lekerikak.
«Espainia aurkari gogorra da. Mexikok eta Frantziak ere ongi jokatzen dute, baina hauei irabazteko moduan gaude. Aurreneko bi partida horiek irabazi eta finalera iristea da xedea», adierazi du Aldazabalek. Gernikako Jai Alaik oihala altxatuko du gaur, Euskal Selekzioa hartu eta mugarri bat ezartzeko.

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia
