Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Pentsa

Utzi amets egiten. Une bakar batez. Utzi irudimena askabidean jartzen. Segundu labur batean. Utzi pentsamenduari libre esaten. Momentu honetan. Orain. Halabeharrez.

Ideia bakar bat, beste askoren bueltan. Sateliteak garunaren itzulian:

Pentsa dezagun zerk liluratzen gaituen, non aurkitzen ditugun merezitasunaren garaikurra jartzen dizkiegun egoerak, elementuak, pertsonak, zerak. ("Lilura" 2015/05/07)

Pentsa dezagun zerk eragiten digun ilusioa, zein momentutara egin behar dugun itzuli neurologikoa, bihotza punpaka sentitu genuen hartara; non aurkitu genuen bizipozaren deshobiratzeko pala, burdinaga. ("Ilusioa" 2015/05/09)

Pentsa dezagun zenbat aldiz jardun dugun auto-sinestean, zenbatetan egin ditugun gure besteen hitzak, zenbatetan aldatu dugun gure barrua besteenagatik, zenbatetan izan garen aho huts hitz arrotzek bete gaituztenean. ("Auto-sinestea" 2015/05/11)

Pentsa dezagun zenbatetan madarikatu garen, noiz ikusi dugun alferrikako azken bi asteetan zamatu gaituen "brain storming" politikoa; ekidin dugula guk geuk ere eztabaida politikoa etxeko egongelan eta inon inoiz nekea, aspergura, betekada. ("Luzeeee... zzzzzz..." 2015/05/12)

Pentsa dezagun ez garela bozka hutsal bat, kartazal batean sartutako paper aurrepentsatua. Zintzo mintzo. Nahiago zuzena eta ez zeharkakoa. Argikeriak ustelkeriak baino mesede handiagoa ekarriko duela, ez baita dena diru, dena botere, dena tripazorri. ("Errua" 2015/05/13)

Pentsa dezagun esateko gaituak gaudela, edonori edozer esatekoak baino, nahi duen ororen aurrean esatari garela, nork berea defendatzeko gai. Konplexuetatik aske. ("Esan" 2015/05/15 eta "Esan (II)" 2015/05/16)

Pentsa dezagun erreakziorako gaitasunaz, elkartasunaz, harremanez, indarraz, kexuez, bortxaz, penaz... Sentimenduez. ("24 ordu eta gero" 2015/05/19)

Pentsa dezagun aldaketan. Zer den, zertarako nahi den. Ez zer ekarriko duen, zer ekartzea nahi dugun baizik. Aldaketarako aukerarik ba ote dago, bideragarri al da, bidelagunik al den edo bakarraldian jarraituko dugun. ("Aldaketa" 2015/05/20)

Pentsa beza norbanakoak zertan den hau, zerbaitetan bada behintzat. Eta pentsa beza zertan izango den, edo zertarako izan nahi duen. Norberaren esku baitago dena. DEN DENA.

Recherche