Arnaitz Gorriti

Tinara Moore estatubatuarra izango da Lointek Gernikako barne jokoaren buruzagi berria

Pasa den denboraldia Hungariako Cegled taldean eman ostean, Emakumeen Ligara itzuliko da 25 urte eta 1,89 metroko jokalari hau, aurren Valentzian eta Cadi La Seu taldeetan aritu ostean. La Seu d'Urgellen zebilela, 2019/2020 denboraldiko jokalaririk eta pibotik onenaren saria irabazi zuen.

Tinara Moore, Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa, orain arte. (GERNIKA BIZKAIA)
Tinara Moore, Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa, orain arte. (GERNIKA BIZKAIA)

Datorren denboraldiari begira, bederatzigarren jokalaria lotu du Lointek Gernika Bizkaiak. Tinara Moore pibot estatubatuarra da bera, 25 urte eta 1,89 metroko jokalaria, datorren denboraldian talde bizkaitarreko barneko jokoaren buruzagi izango den jokalari berria, alegia.

Oraindik jokalari gaztea den arren, Tinara Moorek badaki Emakumeen Endesa Ligan jokatzea zer den. Bere kirol bizitza Central Michiganeko unibertsitatean hasi zuen eta unibertsitateko azken urtean Mid American konferentziako jokalaririk onenaren eta defentsa onenaren saria jaso zuen.

Behin ikasketak amaituta Valentzia Basketen eskutik eman zuen Europarako jauzia, taldearen beraren zein pibotaren debuta izan zen hura Emakumeen Ligan. Ez zen estreineko denboraldi erreza izan ez zituelako minutu askorik jokatu, baina Cadi La Seuren arreta piztu zuen. Kataluinan bere jokorik onena eskaini zuen Ligan eta 15,3 puntu eta 6.9 errebote lortu zituen batez beste. Zenbaki hauei esker izendatu zuten 2019/2020 denboraldiko jokalaririk eta pibotik onena.

Pasa den sasoian 13,9 puntu eta 6,4 errebote lortu zituen batez beste Hungariako Ligan eta lorpen are nabarmenagoak erdietsi zituen Emakumeen Eurocuopean: 22,8 puntu eta 9,3 errebote lortzeraino Cegled taldearekin. Hau da, laugarren saskiratzailerik onena izan da eta errebote gehien hartu dituen zazpigarren jokalaria.

Dohai guztien jabe

Honela aztertu du Mario Lopez Loitek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak pibot berria talde bizkaitarraren webgunean. «Europan daramatzan hiru urteetan etengabeko aurrerapausuak ematen ari den jokalaria da eta Gernikan hazten jarrai dezan nahi dugu. Kontraerasoa bikain irakurtzen du, zona barruan puntu asko lortzen ditu barruko mugimenduekin eta blokeo zuzenaren ostean lauzpabost metrotik esku bikaina dauka».

«Baloia eskuetan ez duenean ederto mugitzen da eta oso lehiakorra da gainera defentsako lanetan. Hau da, pibot posturako bilatzen genuen dohai guztiak ditu eta bere laguntzari esker kanpoko eta barruko jokoaren oreka lortzea espero dugu», gaineratu du Lopezek.

«Emakumeen Endesa Ligara itzuli nahi nuen», onartu du bestalde Tinara Moorek berak talde gernikarrari egindako aurreneko adierazpenetan.

«Partidak irabazi eta txapelketa guztiengatik lehiatuko duen talde on batera etorri nahi nuen eta horixe da nire helburu nagusiena: partidan irabazten eta hobetzen laguntzea. Bestalde, aurrez Gernikan izan diren zenbait lagunek gauza onak esan dizkidate taldeari eta Gernika inguruari buruz eta hargatik etorri naiz», azpimarratu du, bestalde, jokalari estatubatuarrak.

Tinara Moore fitxatu ostean Lointek Gernika Bizkaiak bederatzi jokalari ditu dagoeneko datorren denboraldirako Belen Arrojo, Roso Buch, Itziar Ariztimuño, Paula Ginzo, Marge Roundtree, Angie Bjorklund eta Marta Alberdiren, hauek guztiak kontratu berritu ostean, eta Melisa Brcaninovicen eta Roselis Silva, berriz, fitxatuta.