INFO

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Pepe Mujica Uruguayko presidente ohiaren heriotzaren berria ziztu bizian zabaldu da mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Erreakzioak erreskadan heldu dira.

Pepe Mujica behin baino gehiagotan izan zen Euskal Herrian. Irudian, Donostian 2015ean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Uruguayko egungo presidente Yamandu Orsik baieztatu du Jose ‘Pepe’ Mujika lehendakari ohiaren heriotza, eta berria zabaldu orduko erreakzio soka hasi da, mundu osotik.

Euskal Herrian Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia eta Sortu izan dira lehenetakoak euskal jatorria zuen gerrilari ohia agurtzen:

 

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak nabarmendu du beretzat «erreferente politiko eta pertsonala» izan dela Uruguayko presidente izandakoa.

 

Imanol Pradales EAEko lehendakaria ere atsekabetuta agertu da, Mujica «duintasunaren, konpromisoaren eta umiltasunaren erreferente» izan zelako.

Mujica duela bi hilabete Montevideoko bere etxean bisitatu zuen Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak ere agurtu nahi izan du.

 

Aitor Esteban EAJ alderdiko lehendakariak asteazken goizean ere gogoan izan du Uruguaiko presidente-ohia, «aldarrikapenak bere bizimoldearekin bat» eraman zituela nabarmenduta.

Fermin Muguruza musikariak «agur eta ohore» mezuarekin agurtu du, Mujica bere chacran bisitatu zueneko argazki batekin lagunduta. 

 

Jon Maia bertsolariak Silvio Rodriguezen kanta batekin esan dio agur.

 

Hego Amerikan ere oihartzun berezia izan du Mujicaren heriotzak eta Uruguayko presidente ohiaren legatuak luzaroan jarraituko duela nabarmendu dute agintari askok. Brasilgo eta Peruko gobernuak, Kolonbiako presidente Gustavo Petro, Mexikoko lehendakari Claudia Sheinbaum, Txileko Gabriel Boric, Kubako Miguel Diaz-Canel eta Boliviako presidente Luis Arce eta presidente ohi Evo Morales izan dira sareetan mezuak zabaldu dituztenetako batzuk.

 

 

Estatu espainiarrean, Pedro Sanchez Gobernuko presidentea eta Irene Montero Podemoseko eurodiputatuak Mujica goraipatu dute, beste askoren artean. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak, «diskrepantzia ideologikotik», pertsona «abegikorra» izan zela esan du.