maider.eizmendi@gaur8.info

Itsas denboraleak

Apartekoa izan dela entzun da azken egun eta asteetan bolo-bolo, baina fenomenoaren ezaugarriek ez dute interes berezirik eragin itsasoaren erritmo eta indarrak neurtzen dituzten ikerlarien artean. Euskal Herriko kostaldeko hainbat eremu astindu dituen denborale sorta hainbat fenomenoren «kointzidentzia» baino ez da izan.

Itsasgorarekin bat, olatuek Kursaaleko zubia gainditu zuten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Itsasgorarekin bat, olatuek Kursaaleko zubia gainditu zuten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Itsasoaren garrari murruak jarri ezinda. Kantauri itsasoa haserre eta bortitz agertu da azken asteetan. Bizilagun eta agintari askok kostan eragindako txikizioei erreparatatu diete; bortizkeria eder irudituta, herritar anitzek buruan eta argazki kameretan jaso nahi izan dute itsasoak eskainitako irudia. Arrazoi bategatik edo besteagatik, azken asteetan, eguraldi kontuak herritarren ahotan bolo-bolo dabiltza, eta agian, beste batzuetan baino zalaparta eta oihartzun handiagoa eragin dute. Kostaldean, batez ere, itsasoaren indarrak eta olatuen tamainak eragin du zalapartarik sonatuena eta, aldi berean, endredurik nabarmenena.

Hainbat bazterretan eragin dituen kalteak handiak izanagatik –Gipuzkoan eragindako kalteak konpontzeak bakarrik 15,5 milioiko gastua ekarriko duela aurreikusi dute–, fenomenoa ez da apartekoa izan, Pedro Liria Azti-Tecnaliako ikerlariak aditzera eman duenez.

Erakunde honetako itsas ikerketa sailean, olatuen indar eta altuerak aldiro aztertzen dituzte eta datu gisa azaldu du, besteak beste, pasatu den urtarrilaren 6an izan ziren olatuek txikizioak eragin zituzten otsailaren 2koek baino indar handiagoa zutela.


Pedro Liria, itsasoko olatuak neurtzeko Euskalmeteko buiarekin. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Ekaitz indartsuak izaten ari garela azaldu du, baina nabarmendu duenez, ez dira «apartekoak» urteko sasoi honetarako. Euskal Herriko kostaldera iristeko, haizea ere alde izan dute, ordea, olatuek: «Erauntsien ibilbideak erraztu egin du olatuak Kantauriko kostara beste batzuetan baino zuzenago eta indar handiagorekin sartzea», azaldu du ikerlariak.

«Kointzidentzia kontua»

Fenomenorik aipagarriena, zalantzarik gabe, otsailaren 2ko denboraleak eragindakoa izan zen. «Denborale gogorra zen, baina batez ere urteko itsasgora bizienarekin bat egin zuelako izan zuen halako eragina», zehaztu du. Azken batez, elkarrekin inolako harremanik ez duten bi fenomenoren batura izan zen otsailaren 2ko goizaldean horren irudi ikusgarriak utzi zituen denboralea. «Kointzidentzia izan da, olatuen altuera handiak itsasgora hain altuarekin bat egiteko aukerak ez dira-eta, orokorrean, oso handiak», zehaztu du ikerlariak.

Eguraldiarekin lotutako edozein fenomeno azken urteetan horrenbestetan aipatu den klima aldaketarekin lotzeko joera dago, bai behintzat hizketaldi informaletan.

Liria ez da klima aldaketan edota luzera begirako aurreikuspenetan aditua, baina dioenez, ikerketa askok adierazi dute etorkizunera begira denboraleak ugaritzeko aukera izan badela. Honakoa argitu du, ordea: «Klima aldaketak denborale kopurua eta intentsitatea igoko dituela esan da, baina aldaketa hori epe luzera gertatuko da, gertatzekotan». «Azken boladakoek horrekin zerikusia dutela esaterik ez dago», ohartarazi du.

Itsasoaren mailak gora egingo balu –horixe jaso zuen Azti-Tecnaliak egindako ikerketa batek–, halako itsas denboraleen ondorioak are eta larriagoak izango lirateke. Aipatutako eszenatoki horiek, ordea, aurrera begirako aurrikuspenak baino ez dira.

Ekaitz ziklo bat

Azken asteetan gertatu diren denboraleak ekaitz ziklo baten ondorio baino ez dira, baina aurretik ere «izan dira pareko zikloak». Bereziki, 2007, 2008 eta 2009 urteetan pilatu zen denborale mordoa aipatu du. «Egia da oraindik ere negua amaitzeko dagoela, baina urte haietan aurtengoak baino denborale indartsuagoak izan genituen», ohartarazi du Liriak. Horregatik, herritarrek azkenaldikoak bezalako denboraleak ez dituztela inoiz ikusi esaten dutela aipatzean, irri egin du: «Batzuetan, memoria ez da oso fidagarria izaten eguraldi kontuei dagokienez. Duela gutxi gertatutako fenomenoak gogoratzeko eta harritu gintuzten beste batzuk baino gogorragoak izan zirela sinestu eta esateko joera dugu».

2008. eta 2009. urteetako hainbat datu aipatu ditu Liriak, zehazki, 2008ko martxoaren 11koak eta 2009ko urtarrilaren 24an gertatu zen “Klaus” izeneko ziklogenesiari dagozkionak. Azken denborale horretan, esaterako, Matxitxakon kokatutako kanpoko buian, 21,5 metroko altuera maximoa zuten olatuak erregistratu ziren, baina kostaldean izan zuen eragina ez zen 2008koa adinakoa izan, besteak beste, marearen ibilbidea, hau da itsasgora eta itsasbeheraren arteko aldea, baxuagoa izan zelako: «2008koa da txikizioei dagokienez gertuen daukagun erreferentzia, nahiz eta azken hauetan izan direnak baino apalagoak izan ziren».

Hemerotekei erreparatuta, itsas denboraleak aintzat hartuta, 1930, 1965 eta 1978 dira erreferentzia gisa hartzen diren beste hiru urteak. Garai haietako datu zehatzik ez dago –datuak orain hogeitabost urte hasi ziren jasotzen eta orain dela hamar urte zehaztasun eta jarraitutasun handiagoarekin, Liriak aipatu duenez–, baina 1965ko kroniken arabera, olatuak Groseko auzoan barrena zabaldu ziren eta etxeetako atari eta denda ugari urez gainezka utzi zituzten.

Itsas bazterrean eragin dituen kalteei dagokienez, Liriak aipatu du halako denboraleak jasateko «hobeto prestatu» gintezkeela. «Jada badakigu gisa honetako denboraleetan olatuek zein leku jotzen dituzten gogorren; horietan olatuak hartzeko prestatuta ez dauden kaleko altzariak, barandak edota dekorazio elementuak jartzeko joera izaten da», nabarmendu du.

Itsasoari ateak jartzeko aukerarik gabe, herritarren segurtasuna bermatzeko modurik egokiena aipatutako elementuak baztertzea da: «Gero eta gehiagotan kentzen dira elementu horiek, modu eraginkorrean, baina oraindik ere haiek eragiten dituzte kalte gehienak».

Orokorrean, azken denboraleetan, olatuak jasateko prestatuta dauden azpiegiturek ondo jasan dituztela nabarmendu du Azti-Tecnaliako kideak, batez ere, itsas dikeei erreferentzia eginez: «Noski, haiek ere kaltetu ditu itsasoaren indarrak, baina noizean behin mantentzea behar duten elementuak dira eta hori da, hain zuzen ere, Zurriolako espigoiaren kasua».

Datuetan oinarritutako planak

Aurrera begira, gisa horretako fenomenoek sortzen dituzten kalteak saihesteko plangintza zehatzak egin daitezkeela azaldu du. «Kostako eremu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta olatuek zein eragin izango duten jakiteko gero eta datu gehiago dago, eta marearen eta olatuen arabera, plan egokiak prestatu beharko genituzke, uholdeak non gertatuko diren eta non ez jakinda», aipatu du. Hala, arrisku handiena dagoen tokietan azkar kendu daitezkeen elementuak jarri beharko liratekeela aipatu du ikerlariak. Azaldu duenez, alerta gorriko egoeretan, hain zuzen ere, leku horietan guztietan ez luke elementu apaingarririk edota itsas indarra jasateko prestatu gabekorik egon behar: «Azken batez, kentzen ez dugun hori olatuek eramango dute».

Herritarren ikusmina

Jendearengan sortu duen ikusminaren inguruan ere mintzatu da. «Otsailaren 2ko denboralearen ondorioak oso ikusgarriak izan ziren eta horrek ondoren gertatu diren denboraleak notizia bilakatu ditu; jendeak ere horregatik jarraitu ditu, agian, halako ikusmirarekin bata bestearen atzetik gertatu diren denboraleak», adierazi du.

Itsasoa eta elikagaiak ikertzen jarduten duen Azti-Tecnaliak jakin-minez jarraitu du denborale zikloa, baina ez dio harridurarik eragin. «Neguan, Atlantikoan, uneoro ari dira ekaitzak sortzen. Batzuk gehiago sartzen dira Bizkaiko Golkoan; beste batzuk, berriz, sumatu egiten ditugu».

Gogoratu du Groenlandia hegoaldeko, Eskoziako eta Irlandako kostetan horrelakoak izaten oso ohituta daudela, baina haietan ez dela Euskal Herriko kostaldean bezainbeste jende batzen itsas bazterrean, besteak beste, baldintza klimatikoak gogorragoak direlako. «Gure kasuan, kostaldearen oso gainean gaude eta denboraleak handiagoak izango balira ere, babestuago egongo ginateke», aipatu du Liriak.