Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Ia zortzi hilabeteko borroka eredugarria, Aiaraldeatik haragoko astindua

Duela ia zortzi hilabete hasi zen Tubacexeko greba. Amurrio eta Laudioko lantegietako langileen borroka eredugarria izan da, eta beraien auzokideen elkartasuna jaso dute. Ertzaintzaren errepresioa ere jasan dute, baina ez dute amorerik eman eta epaitegiak EEEa baliogabetzea lortu dute.

Tubacexeko langileen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Tubacexeko langileen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Joan zen otsailean, Tubacexeko langileek greba mugagabea abiatu zuten. Orduan nekez pentsa zitekeen urte erdi baino gehiagoz luzatuko zela. 24 orduko bi lanuzte egin ondoren, otsailaren 15ean, Laudio eta Amurrioko langileak kalera atera ziren euren lanpostuak defendatzeko eta ozenki esateko ez zutela onartuko enpesak iragarritako enplegu-erregulazioko espedientea (EEE), hasiera batean 150 langileri eragingo ziena.

Egun horretan hasi zen Tubacexeko langileen borroka, kaleetan eta bulegoetan. Izan ere, hasieratik batzordeak kritikatu egin ditu enpresak aipatutako EEEa aurrera eramateko aurkeztu dituen aitzakiak. Krisiaren atzetik ez daudela «egiturazko arazoak» salatu dute eta askotan esan dute krisi hori koiunturala zela. Hala, aldi baterako neurriak eskatu dituzte, langile guztien lanpostuak babestuz.

Negoziazioak aurrera egiten zuen bitartean langileek auto karabanak eta manifestazioak deitu zituzten, eta Ertzaintzaren errepresioa pairatu zuten hasiera-hasieratik. Hala, otsailaren 23an Lakuako Gobernuaren agindupean duden poliziek bi lagun atxilotu zituzten Laudioko lantegiaren sarreran izandako liskarretan.

Tentsio uneak Tubacesexen. (LAB AIARALDEA)

Ez zuten etsi, eta langileek beraien auzokideen elkartasuna jaso zuten martxoaren hasieran. Lanuzteak izan ziren Aiaraldean eta ehunka herritarrek parte hartu zuten gehiengo sindikalak Laudion eta Amurrion deitutako manifestazioetan, batzordeko kide baten esanetan, «badakitelako ez dela bakarrik gure arazoa, eskualde guztiaren arazoa dela».

Enpresaren jarrera ikusita, auzitara jotzea erabaki zuten martxoaren 9an. Hurrengo egunean, martxoaren 10ean, enpresak kaleratzeei ekingo ziela ohartarazi zuen. 15 eguneko epea zabaldu zen, kaleratuen zerrendaren zain. Guztira 129 lagunek galduko omen zituzten beraien lanpostuak.

Langileek mobilizazioak biderkatu zituzten eta elkartasun sarea zabaldu zen. PCBko langileen babesa jaso zuten Barakaldon izandako manifestazio batean, eta martxoaren 22an Aiaraldeko 17 enpresatako batzordeak batu ziren kaleratzeen aurka.

Langileen mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Beharginen eta Ertzaintzaren arteko istiluak errepikatu ziren Tubacexeko lantegien sarreretan, eta martxoaren 27an dozenaka pertsonak itxialdia abiatu zuten Amurrioko Santa Maria elizan. Grebalariek «guztion duintasuna eta etorkizuna aldarrikatzen» zutela nabarmendu zuen EH Bilduko diputatua den Oskar Matutek.

Aurrera eramandako protesta Bilbora heldu zen apirilean, eta milaka lagun bildu ziren hiriaren erdigunean adostutako irtenbide bat aldarrikatzeko. Tamalez, apirilaren 15ean kaleratzeak gauzatu ziren, eta langileek kaleratzeen aurkako martxa hasi zuten. Martxa hori Gasteizen amaitu zen, Legebiltzarraren aurrean, eta Ertzaintza bertan bildutako jendetzaren aurka oldartu zen. Poliziaren jokabidea «neurrigabea eta gehiegizkoa» izan zela salatu zuten.

Ertzaintzaren karga langileen aurka. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Manifestazioak errepikatu ziren hurrengo asteetan, Sestaon, Bilbon, Laudion eta Barakaldon. Eta ekainaren 2an Aiaraldeako bizilagunak kalera atera ziren berriro enpleguaren alde.

Ekainaren 17an elkarretaratzen bat egin zuten Amurrion, martxoaren 25ean egindako protestetan piketeetan parte hartzeagatik epaituak izan ziren hiru laguni elkartasuna adierazteko. Beste mobilizazioetan gertatu zen bezala, Poliziaren kargak izan ziren eta langile bat atxilotu zuen Ertzaintzak.

Hurrengo astean EEEaren aurkako epaiketa hasi zen EAEko Auzitegi Nagusian. Honen erabakia uztailaren 6an ezagutu zen, kaleratzeak baliogabe jo zituenean. «Gertaeren kontakizunak ikusita, konbentzimendu osoa dugu esateko kaleratze kolektiboa covid-19aren pandemiari lotuta dagoela, sindikatu demandatzaileek dioten bezala», adierazi zuen epaiak.

Langileak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Enpresak helegite bat aurkeztuko zuela adierazi zuen eta langile batzordeak grebari eutsiko ziola azaldu zuen. Manifestazioa egin zuten, kaleratuak berriro hartzeko eskatzeko eta herritarrei eskerrak emateko.

Langileen apustua zein zen ikusita, kaleratutako beharginak berriro lanean hastea onartu zuen Tubacexek, baina helegitea aurkezteko erabakiari eutsi zion. Ordutik negoziazioak aurrera egin du eta, irailean, zuzendaritzak errekurtso judizialari uko egiteko aukera mahaigaineratu zuen, batzordeak akordio bat sinatzekotan. Horrela heldu zen irailaren 30ean aurreakordioa eta biharamunean, grebaren 233. egunean, enpresa batzordearen gehiengoak, ELA eta CCOOren botoekin, ontzat eman zuen, oso alde estuarekin (7-6) izan bazen ere.

Astelehen honetan, urriaren 4an, berriro bildu da enpresa batzordea eta akordioa berretsi du, langile guztiek batera asanblada egiteko proposamena baztertuta. 236 eguneko grebari bukaera emango diote astearte honetan, horrenbestez.